bilbo. Kimikako Fakultateko irakaslea den Maria Jesus Barandiaranek, biziki gogoratzen ditu Luis Mari Bandresek euskararen munduari egindako ekarpenak. "Berari zor diogu garai hartan Zientzia eta Teknologiako Fakultatean euskararen presentzia izatea".
Nola bizi izan duzu EHUk euskarari eskaini dion omenaldia?
Oso interesgarria iruditu zait. Garrantzitsua da honelako ekimenak goraipatzea gizarteak jakin dezan nondik datorren euskarazko irakaskuntzaren historia.
Nola bizi zenuen euskara eta unibertsitatearen arteko lehendabiziko harremana?
Oso garai interesgarria eta polita izan zen. Dudarik gabe, Luis Mari Bandres izan zen katalizatzaile nagusia. Garai horretan euskararen inguruko sentimendua oso barneratuta genuen eta berak akuilua sartu zigun. Jon Santamariak klaseak euskaraz emateko prest zegoela esan zigunean ez genuen inolako zalantzarik izan. Geratzen zen gauza bakarra alfabetzatze zientifikoko klaseak ematea zen, gehienok erderazko kolegioetatik gentozelako.
Luis Mari Bandres izena aipa- tzean, zer da burura datorkizun lehendabiziko oroimena?
Nire euskalzaletasuna gurasoengandik datorren arren, euskararen inguruan murgiltzen hastea Luis Mari Bandresi zor diot. Berak beti grina hori izan zuen. Gu harrapatu gintuen eta lanean jarri zigun. Berari zor diogu garai hartan Zientzia eta Teknologiako Fakultatean euskararen presentzia izatea.
Arazorik izan al zenuten klaseak euskaraz emateko?
Guk ez genuen inolako arazorik izan. Irakasleek konpromezua hartu zuten eta beste taldeek gaztelerazko klaseak ematen zituzten bitartean guk beste asignaturekin jartzen ginen. Dena ondo joan zen bidean inolako arazorik aurkitu gabe.
Euskararekin hartutako konpromezua zabaldu behar zenuela somatzen zenuen?
Euskararekiko dudan maitasuna orain dela urte askoko kontua da. Donostiako kolegio baten erderaz ikasten nuen arren, etxean beti euskara erabiltzen nuen. Klasean euskara erabiltzen hasi nintzenean horren jarraipen modukoa izan zen. Orain hemengo Kimikako irakaslea naiz eta asignaturak euskaraz ematen ditut. Zorte handia izan dut fakultatean jende euskaltzalearekin topo egin nuelako eta oso talde trinkoa egin genuelako Luis Mari Bandresen laguntzari esker.