lanera nindoala, Bilboko udaletxea galaz jantzita ikusi nuen atzo, goizetik, jaiegun handietan gertatu ohi den bezala; balkoietatik oihal handiak eskegita, hiriaren armarria agerian uzten zutela. Udalbatza berria osatzeko eguna zen eta jai-giroa eman nahi izan zioten bilbotarren ordezkaritza duen erakundeari. Nire kolkorako pentsatu nuen gauza bera gertatuko zela Euskal Herriko udaletxe guztietan: demokraziaren jai eguna udaletxeen fatxadatan.

Jarraian Euskal Erkidego Autonomoko mapa imajinatu nuen, kolore ezberdinetan. PPren urdina Gasteizen eta Errioxaldeko herrietan; PSEren gorria Barakaldo, Portugalete, Ermua, Eibar, Irun, Zumarragan eta Iruña Okan; Bilduren kolorea -ez dakit zer koloretan irudikatu Ezker Abertzalea eta konpainiaren gehiengoa-, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurralde batzuetan; eta EAJren berdea Bizkaiko herririk gehienetan, batez ere, Nerbioi eta Ibaizabalen ertzeetan eta Meatzalde eta Ezkerraldean.

Gure lurraldearen kolore politikoak antzaldatuta ikusi ditut. Bilduren koloreak mantxa handia hartu du. EAJren orlegiak ere bai; ustez PSErenak ziren tokiak hartu ditu Bizkaian. Lehen baino abertzaleagoa ote da gure herria? Agintearen mapari begiratzen badiogu, erakundeen agintaritzak, behintzat, inoiz baino abertzaleagoa dirudi. Baina zerk eman dio horrenbesteko indarra Bilduri? PSE eta PPk EAJri ego-tzi diote "errua". Baina ez dira paktuak izan. Herritarrak izan dira. Batzuetan ANV eta EAk ongi egindako lana; besteetan, agintean zeudenek txarto egindakoa; eta, beste batzuetan, amorrua, grina eta debekuaren aurkako erreakzioa.

Alkateak aukeratzeko egunak sorpresa batzuk eskaini dizkigu Lasarte, Lanestosa, Markina, Muxika, Elorrio, Trapagaran edo beste herriren batzuetan. Politikaren gauzak. Baina politikarenak izateak ez ditu zikin bihurtzen. Zergatik da kondenagarri Elorrion PPren botoak hartuta EAJk alkatetza hartzea, Bildu izanik zerrendarik bozkatuena, eta ez Markina bezalako herri batean alkatetza Bildurentzat izatea, Aralarren zinegotziari esker, nahiz eta zerrendarik bozkatuena izan ez? Zergatik dira zikin batzuk, eta garbi eta makularik gabeak besteak?

Batzuen mesedetarako eta beste batzuen kaltetarako, udal batzak eratuta geratu dira. Alkateak eta udal-batzak aukeratuta daude. Lau urte daude aurretik lan egiteko eta norberak ordezkatzen duena aukerarik hoberena dela erakusteko. Baina, batez ere, udal-jarduna herritarren esanetara ipintzeko. Hori lortzen duena garaile aterako da; eta ezin duena, edo bidean nahasten dena, galtzaile, maiatzaren 22an, edo atzo gertatu zen legez.

Esperantza daukat bizi dugun bake-giroak patxada emango digula guztioi egin behar dena lasaitasunez egiteko, eta udal-batzetan hartu beharko diren erabakiak bakean, inongo indarkeria eta mehatxuren presiorik gabe hartzeko.

Gauza bakarra desio dut: nahi nuke EAk eta Alternatibak Ezker Abertzaleari boto-kutxetan eman zioten pedigri demokratikoa, edo Aralarrek zenbait udalerritan atzo eman ziona, baliagarria izatea, eta demokrazia kontuetan Ezker Aber-tzaleak gizarte honekin duen zorra kitatzeko balio izatea. Antza denez "aldaketa Donostiara iritsi da", edo "Donostia sozialista izango da", argazkietan ikusten den bezala. Baina ez al zuten aipamen bat merezi Ezker Abertzalearen itsukeriaren eta gorrotoaren eraginez Donostian bizia lapurtu zieten guztiek?