Lehengo egunean, lagun batek topatu ninduen kalean eta galdetu zidan: "Gotzon, hi itzultzailea haizela, esan diezadakek zelan esaten den euskaraz "España cañí"? Egia esan, itzultzaile lanetan urte asko eman arren, zalantzan gelditu nintzen, baina, segundotxo batzuetan pentsatzen egon eta gero, erantzun nion: Erraza, hori euskaraz esaten da "etxean otso, kanpoan uso".

Aurrera baten, beste ezagun batek itaundu zidan: "Hi euskaltzain famatua haizelarik (ez naiz, bidenabar aitatuta), esan diezadakek nola esaten den gure hizkuntzan "Ora et labora"? Galdera erraza izan eta bat-batean erantzun nion fran-tziskotar batek antzina bota zidan itzulpena: "Jan eta lo".

Arestian, ezaupide batek eskatu zidan zalantza bat argitzeko: "Go-tzon, zelan esaten da euskara egokian "El que vale, vale, y si no a Alemania"? Nik bertotik bertora eran-tzun nion: "Hi etxerako, besterik ez dagoeneko".

Hori guztia eta gehiago zetozkidan burura, Elena Salgado Espainiako Ekonomiako ministroa ikusi nuenean telebistan. Kontu "hutsala" zen. Udalei galarazi zien zorrak hartzen, berak dekretu-legea Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zenetik. (Bide batez, badakizue, zein zen agerkari horren lehenengo izena? Bada, "Madrilgo Gazeta-Estatuko Aldizkari Ofiziala.)

Eta horixe gertatu zaio Rodrigoren seme Zapataginari. Berak uste izan du, estatu osoa gobernatzen dela Madrildik eta Madrilerako. Gero eta behin, Madril da Espainiako Hiribildu eta Gortea. Bejondeiola! Eta Espainia bat, handi eta askea denetik, guk, urteakarrenean, berriro egin dugu geure burura buelta: gu moldaberak gara, eta, auzokoa estu ikusten dugunean, badaezpada, ekingo diogu geure betiko ikuspegiari: "Lehenengoz, etxekoa, eta gero, badaezpada ere, etxekoa ere bai". Akaso, hori ez da izango egoerarik onena, baina badakigu gure interesak gutarrek darabiltzatela. Hala bedi!