Haurra zenean arkeologoa, kazetaria edo margolaria izatea zen Jara Navarlazen (Iruñea, 1995) fantasia: “Fantasia horiek guztiak joan dira eta orain soilik pintorea naiz”. Ama Gayarre antzokiko makillatzailea eta izeba margolaria izanda, betidanik egon da kontaktuan artearekin. Egun, Uharteko Arte Garaikideko Zentroan pasatzen ditu arratsaldeak Navarlazek, bere proiektuetan murgilduta. Tamaina handiko koadro bat du orain esku artean, hiru metroko “erronka bat”. 

Lehen aldiz zabiltza formatu handian margotzen, alde handia dago orain arte izan duzun lan egiteko moduarekin?

Batetik, denboraren faktorea dago, izan ere, denbora asko darama tamaina handiko koadro bat margotzeak. Zortzi hilabete eman ditut koadro bakarrarekin. Eta bestetik, margotzerakoan gauza piloa gertatzen dela oihal gainean aldi berean. Normalean koadro txiki edo ertain batean begirada batez testuinguru osoa baduzu esku artean, baina koadro honetan oso zaila da guztia ikustea eta jakitea txoko batean gertatzen denak zer eragin izango duen beste izkina batean. Orduan zatika egiten duzu lan eta aldi berean konposaketa guztia landu behar duzu. Arraroa da, konplexua.

Erronka bilakatu da konplexutasun hori?

Pinturaren aurrean jartzerakoan zure sentsazioa oso ezberdina da. Ia kontrol gabe sentitzen zara. Hartzen duzun erabaki bakoitza oso garrantzitsua da eta tamaina txikiago batean errazagoa da zerbait aldatzea. Baina gustatzen zait aldi berean, erronka bat da.

Nolakoa da zure egunerokotasuna Uharteko zentroan?

Arratsaldero etortzen saiatzen naiz, eta lanak eskatzen dizunaren arabera ezberdina da egun bakoitza; agian arratsalde guztia zaude margotzen edo beste batzuetan mihiseari begira. Atzo, adibidez, erabaki garrantzitsu bat hartu behar nuen eta frogak egiten egon nintzen kolore bat jartzeko edo ez. Joan nintzen lagun baten iritzia eskatzera. Normalean bertan zentroan gaudenok asko nahasten gara gure artean, asko hitz egiten dugu gure lanei buruz.

Zertan erreparatzen duzu normalean zure sorkuntzarako?

Konturatzen naiz badaudela bizitzako elementu piloa hartzen ditudanak nire lanerako eta ez naizena konturatzen denbora pasa arte. Askotan eszenak izaten dira, edo performance batean norbaitek esaten du zeozer eta komentario horrekin geratzen zara eta gero hori zure praktikara eramaten duzu… Fijatzen zara besteek egiten dituzten gauzetan, baina mundu guztiak, planeta osoak!

Hiru metroko koadro bat pintatzen ari da Navarlaz.

Hiru metroko koadro bat pintatzen ari da Navarlaz. Jara Navarlaz

Zeintzuk dira zure koadroetan gehien errepikatzen diren gaiak?

Pintatzen dudanean, normalean ez dut hainbeste gaia lantzen, hau da, koadroek ez dute beti tematika bat. Prozesua da tematika, pintura da tematika bera. Narratibaren bat edo irudi figuratiboren bat dutenean nire bizitzako gauzak izaten dira, “pasarte tontoak”. Erabiltzen ditut narratiba horiek aitzakia gisa pinturan sakontzeko, azken finean, interesatzen zaidana pintura elementu bezala delako.

Zure lanaren interesa kolorea dela diozu eta kolorearekin nola harremantzen diren formak. 

Bozeto bat egiten badut eta bozeto horretan badaude 4-5 forma. Konposaketan badaude formen pisuak jada guztiz jarrita irudian, aurpegi bat edo esku bat edo forma geometriko bat… Baina gero koloreek ematen diete forma horiei beste pisu bat, orduan irudi osoa desagertzen da ze jada koloreak hartzen du hainbeste garrantzi, kolorea bera forma bihurtzen dela. 

Abstrakzioaren esparruan sentitzen zara gusturen, zer ematen dizu abstrakzioak?

Ez dagoela irudi itxi bat, eta abstraktua denez aldendu ahal naizela iruditik nahi dudan guztia eta berriz bueltatu. Orain margotzen ari naizen koadroan bi giza gorputz ditut eta nahiz eta asko deformatu beti saiatzen ari naiz bi gorputz ikustea. Abstrakzioan ez zait hori gertatzen, hor kolorearekin gehiago esperimentatu dezaket edo formekin edo beste elementuekin.

Epe laburrean, zein gustatuko litzaizuke izatea zure hurrengo pausoa?

Ekainean bukatuko dut Uharteko egonaldia eta abendura arte etxetik arituko naiz margotzen. Badut gogo handia formatu txikian margotzeko, ironikoki orain egiten ari naizenaren kontrakoa. Arkatzarekin margotzeko gogoa dut, txiki-txiki, eta momentu oro dena ikusten.

BAT-BATEAN

Kolore bat: Laca Geranio Gorria

Lan egiteko elementu bat: Ikatza

Markatu zaituen artelan bat: Paula Motherson-Becker-en ‘Autorretrato con Camelia’

Gogoko duzun artista bat: David Hockney

Oroitzapen polit bat: Nire gurasoak Bilbora etorri zirenean Rekalde aretoko erakusketa ikustera

Amets bat: Pinturaz bizirautea

Zein espaziotan jarri nahiko zenuke zure lana? Nire lagunak joan ahal diren edozein lekutan