Irati Agirreazkuenaga Onaindiak (Bilbo, 1986) ez zuen batere argi zertan eman nahi zuen bere helduaroko bizitza, baina garbi zuen komunikazioarekin harremana izan behar zuela; istorioak kontatzea zuen gustuko, ahotsez eta gorputzez, hitzez eta zirraraz, eta Bilboaldeko irrati libreek eskaini zioten lehendabizi horretarako aukera. Ikus-entzunezkoetan lizentziatua eta Gizarte Komunikazioan doktorea, egun Euskal Herriko Unibertsitatean dabil irakasle eta ikertzaile lanetan, komunikabideen eta, batik bat, lokuzioaren alorrean. Komunikazioaren bide horretatik iritsi da fikzioaren eremura, alegia, antzerkian jardutera. Getxoko Antzerki Eskola eta KABIA espazioari zor dizkio batez ere ikasitakoak, eta Alanbike Teatro eta Piszifaktoria Ideien Laborategiari egindakoak. Azken konpainia horrekin estreinatu berri ditu bi lan: “Asfaltoaren azpian euria” eta “Hau ez da gerra bat”, datozen hilabeteetan Euskal Herriko plaza eta aretoetan ikusteko aukera izango ditugunak. Gertaerak zergatik gertatzen diren baino, zelan eta zertarako ikertzea du nahiago. Kapuscinskiren ondorengo esaldiarekin egiten du bat: unibertso oso bat dugu tanta baten barruan, konkretua orokortasuna baina eskuragarriagoa zaigu. Eta kolektiboa indibiduoa baino maitakorragoa.

Irati Agirreazkuenagaren kultur gomendioak

Abesti bat: Itoiz taldearen ‘Hegal egiten’. Gaztaroa ekartzen dit gogora, eta gaur egun, gaztaroan hegan egiteko dugun gogo eta indarra 

Musika talde bat: J Martina, azalaren gainetik eta azpitik dudana dantzan eta dardaratan jartzea lortzen duena

Liburu bat: ‘Zoriontsuak izatea aukeratu genuen’, zorionaren diktaduraren aurkakoa 

Antzezlan bat: ‘Lubakilainotsua’, bikain jositako lana, umore ukitu egokiarekin

Telesail bat: ‘Hondar ahoak’, euskaraz errodatu den telesailik ederrena

Kultur espazio bat: Garaion (Ozaeta, Araba). Gure egunerokotasunetik at arnasaldia eskaintzen duen sortzeko eta hazteko leku bat