Atzo itxi ziren Durangoko Azokaren ateak. Urte honetakoak. Eta, ezbairik gabe, bost egunotan zehar gehien entzun dugun hitza “arrakasta” izan da. Aurtengo azoka ere arrakastatsua izan dela bertaratzea lortu duen jendetzagatik, bertan aurkeztutako nobedade kopuruagatik, saldutako liburu, diska eta bestelakoengatik, kontzertuen kalitateagatik, sinadurek piztu duten interesagatik, etab.

Nik, ordea, zerbait diferente bizi izan dut aurtengo Durango. Lehenbiziko egunean, besteak beste, Jasone Osororen Arrakasta entsegu-liburua erosi nuen, eta azokak iraun duen egunen baitan irakurri dut. Arrakasta zer ote den, zeri deitzen diogun, nola bizi dugun… galdera horiei erantzun nahi izan die egileak, bere ustez, arrakasta izan duten 11 sortzaile elkarrizketatuz eta bere esperientzia eta bizipenak ere han hemen txertatuz.

Arrakastaren goitik beherakoak aztertzeko, pertsonaren izaera, izan dituen aliantzak, egin dizkioten kritikak, hautsi behar izan dituen sabaiak, sormen kalitatea edo maila, eta porrota gainditzeko duen indarra aztertu ditu, besteak beste.

Eta irakurri ahala konturatzen da bat, Durangoko azokan bizitzen den horrek, arrakastarako bidean nozitzen diren sentsazio eta sentimendu oro bilbatzen dituela.

Durangon titulu bat aurkeztu ahal izatea, sinatzen egotea, aurkezpen bat egitea, taldean aritzea, elkarrizketak eskaintzea, kritikarien begirunea sentitzea, medioen fokupean egotea, alegia, arrakastaren seinutzat jo izan dugu.

Horren guztiaren azpitik edo aurretik edo ondoren, ordea, lan, zalantza eta atzera-aurre asko dago, Osororen liburuan aho-bilorik gabe agertzen direnak, eta beste. Ez dela urrea, dir-dir egiten duen guztia, alegia. Ez eta arrakastaz hordituta eta pentsamendu propio bat gabe bizi diren sortzaileak ere, gureak.

Liburua irakurri ostean argi geratzen zaio irakurleari, arrakastaren adierazle onenak ingurukoek erakusten dizuten maitasuna (pertsona bezala) eta aitortza (sortzaile gisa) direla.

Durangoko azoka, bada, bi adierazle horiei muin eman ahal izateko eskenatokia DA.