Okerrik ezean, gaur izendatuko da Pedro Sánchez Espainiako gobernuburu. Hala berean, ondoko orduotan ezagutuko da aldi berrirako gobernuaren egitura eta ardurak hartuko dituztenak. Uste dut aukera ezin hobea dela orain arteko ibilbidetik irakaspenak ateratzeko, bai eta ibilbide berrian egin beharrekoak azpimarratzeko ere. Hasteko, adieraz dezadan ez dela agintaldi erraza izango, besteak beste, eskuinak eta eskuin muturrak hauteskundeen emaitzetatik eratorritako gehiengoaren zilegitasuna gutxietsi eta albait arinen hauteskundeak berriro egin daitezen ahaleginak eta bi egingo dituztelako. Amorrazioa, gatazka, deskalifikazioa, epaileak eta kalea dira baliatuko dituzten erremintak gobernu berria higatzeko, zangotrabatzeko eta kontraesanak nabarmentzeko. Estrategia horrek gizartean sorraraz dezakeen egoera, pitzadura eta bizikidetzan izango duen eragina atzeko planoan laga dute. Nahiago dute horretan saiatu eta gizartean sorraraz daitekeena ez dute ekidin nahi. Edozeren gainetik, botere-gosea leporatu diote Sánchezi... eta salatzen duten egarri bera darabilte estrategia itsu eta larri hori elikatzerakoan. Beraz kontrakotasuna begien bistakoa da... baina aukera historiko bati ateak ere irekitzen zaizkio, asmoz eta jakitez kudeatuz gero egoera baretzera, esperantza iltzatzera eta egoera berria eraikitzera irits daitekeena. Norabide horretan, giltzarria izango da gobernu koalizioa osatuko dutenen arteko harreman eraikitzailea. Koalizioa osatzen dutenen arteko leialtasuna eta, desadostasunak lau haizeetara barreiatzen ahalegindu ordez, gainditzeko asmoz landutako elkarlana. Alde horretatik, aurreko agintaldiak errepikatu ezin diren hainbat irudi laga dizkigu. Bandoen arteko ezinikusia eta norgehiagoka nagusitzen bada, horrek gobernua eraitsi nahi dutenen estrategia gizendu besterik ez du egingo! Gobernua sostengatzen duten indar aurrerakoiekiko leialtasuna. Gobernu programa elkarri entzunez, elkarrekin lan eginez garatu behar baita baldin eta hartu diren konpromisoak bete eta agintaldiari jarraitutasuna emango bazaio. Ezinbestez, hainbat osagai sartu beharko dira eltze berean, gutxienez: errealismoa, ausardia, kemena, lanerako gaitasuna, aitzindaritza, konpromisoak betetzeko agintza eta egiazko borondatea. Honezkero ez dago ihes egiterik! Norbaitek pentsatzen badu gaurko izendapenaren ondoren, denbora irabazi dela eta konpromisoak geroratu daitezkeela... jarraitutasuna ari da kolokan jartzen, gobernua sostengatzeko borondatea erakutsi dutenek, bidenabar, arriskuak ere hartu dituztelako eta ez daudelako prest, besterik gabe, musu truk, gauzek lehengo lepotik segi dezaten. Ez baitago biderik! Bidea egin behar delako, arian-arian, askotariko borondateak ehunduz eta agindutakoa betez. Bestalde, protagonismo antzuak albo batera laga beharko dira eta askotarikoen arteko akordio sendoak sustatu beharko dira... aukera hau baliatzen ez bada, alternatiba ezin eskasagoa delako: erresumindutako, printzipio demokratikoetan eta benetako botereen banaketan sinesten ez duten eskuina eta eskuin muturra. Azkenak basamortua zeharkatzea beste erremediorik ez du, eta horretarako, denbora beharko du, etorkizunean, beste aldarte eta jarrera batekin gobernatzera iritsi nahi badu.