Montrealen bildutako 195 herrialdek 2030. urterako, gutxienez, lurrazalaren %30 babesteko neurriak hartzea adostu dute. Era berean, andeaturiko eremuen %30 lehengoratzea edo onbideratzen jartzea ere erabaki dute. Horrek, besteak beste, lurralde aberatsetatik baliabideak eskualdatzea eta eremu publikotik zein pribatutik milaka miloi inbertitzea ekarriko du. Izan ere, munduan suertatzen ari den biodibertsitatearen galera, hein handi batean, gizateriaren jardunaren erruz jazotzen da. Ondorioz, gizakioi tokatzen zaigu neurri zuzentzaileak hartzea, egoera itzulezina izan dadin nahi ez badugu.

Biodibertsitatearen galerak badakar askotariko espeziak galtzea, bai eta hizkuntzak ere, tartean, hizkuntza txikiak. Izan ere, aspaldi egin zen azterketa batek argiro erakusten zuen biodibertsitate handiko eremuak bazirela, aldi berean, aniztasun handikoak, hizkuntzen eta kulturen aldetik ere. Hori horrela, hizkuntzen inguruabarrean dagoen dibertsitatea murriztea edota arriskuan jartzea sorrarazi ohi du biodibertsitatea galtzeak. Esate baterako, Australian, 250 hizkuntza baino gehiago zeuden europarrak kontinente horretan finkatu aurretik eta, harrezkero, gehienak desagertu egin dira, bertako eremuak itxuraldatu eta jatorrizko gizataldeak desagerraraztearekin batera.

Antzekoa gertatu da munduko bazter askotan. Azken hamarkadetan, galera areagotu da, egurra, mineralak eta bestelako lehengaiak ustiatzeko asmoz, lur eremu gero eta zabalagoak esplotatzen hasi garenetik. Basoak urritu, nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboan baliatu, izurri-botikak nonahi eta nolanahi hedatu, espezie inbaditzaileak ugaldu, itsasoa iturri agortezina bailitzan ustiatu, zaborra ikaragarri gehiagotu... Ingurumenean sekulako eragina daukana hori guztia eta gehiago egiten ari gara. Denbora laburra dago arazoari ekiteko, neurri zuzentzaileak hartu eta abian jartzeko!

Nolanahi ere, biodibertsitatea berreskuratzeko langintza ezin da tokian tokiko komunitateak aitzat hartu gabe, haien garapena zein bizi baldintzak hobetu gabe bideratu. Hainbatetan, komunitate txikiak bihurtzen dira biodibertsitatearen galeraren erantzule. Aitzitik, bizirauteko zailtasunak dituzten komunitateak, mendeetan eremu jakinetan bizi izan direnak eta ingurumena zaintzearen ardura izan dutenak dira egun lurrik eta bizimodurik gabe, esperantzarik gabe laga ditugunak. Hori horrela, justizia kontua da nola edo hala bizirautera kondenatuak izan direnen eskubideak aitortzea, aldeztea eta leheneratzea. Mundua putzu agorrezintzat jotzen duen ikuskera jakin bat datxekio krisi larriari eta hori behar dugu errotik aldarazi, bereziki, kalterik handiena eragin dugun eta, ustez, aurreratuak omen garen lurraldeotan bizi garenon aldetik.