desberdinetan gero eta sarriago baliatzen den berba da iruzkin honek goiburutzat daramana, besteak beste gizarteak arazo edota erronka desberdinei erantzuteko asmoz, haren parte hartzea eta inplikazioa sustatzea bilatzen duena. Izan ere, dena ez dago goitik behera bideratzerik, bereziki sakoneko, egiturazkoak diren aldaketak ahalbidetu nahi badira. Halakoak azpimarratzen ditugu genero-kontuez, indarkeria matxistari aurre egiteaz, euskararen aldeko jarrerak indartzeaz, hiztun elkarteak tokia hartzeaz edota bestelakoez ari garenean... beste horrenbeste aipatu ohi da gizartearen partaidetza ehuntzeaz ari garenean, bereziki, politikaren esparruan, askotariko erabakiak hartu behar diren bakoitzean.
Aurreko joerarekin kontraesanean dago egun gizarte-ekimena bazterrean lagatzeko edota gutxiesteko, beheratzeko eremu batzuetatik zabaltzen ari diren mezuak, ekimen publikoak ororen gainetik gainjartzea exijitzen dutenak. Halakoak entzutean, gogora datozkit sasoi bateko ikastolak, euskaltegiak, kulturgintza zein bestelakoak, gogoratzen dut nola sostengatu ditugun, publikotik ez baitzegoen halakoetarako sentiberatasunik, sostengurik, babesik ez eta baliabiderik ere. Publiko orohartzailearen mezuak hedatzen dabiltzanek begiratu beharko lukete Nafarroan edota Ipar Euskal Herrian euskarazko irakaskuntzak zenbat traba eta eragozpen gainditu behar (izan) dituen eta familien eskakizunei nola erantzuten zaien konpromisotik, inplikaziotik eta militantziatik.
Egun, milaka euskara irakasle dago urte gehiagoz beharrean egin behar dutenak, sasoi batean, baliabide faltaz, ez zutelako kotizatzerik izan. Badirudi, kooperatibak ere, zeinahi dela bakoitzaren esparrua, gainetik kendu behar ditugula, bestelako lan-baldintzak dituztelako, antzeko zereginetan dabiltzanekin alderatuta eskasagoak direnak eta abar. Nago, kontua ez dela zerbitzu publiko eta pribatuen arteko lehia, zerbitzu publikoen eta irabazi asmorik gabeko ekimenen arteko osagarritasuna baizik, tokia lagaz gizartetik sortutako askotariko ekimenei, zerbitzuen alorrean zein bestelakoetan.
Azkenean, horixe da iraganean bezala etorkizunean, gero eta sarriago kolpatuko gaituzten krisialdiei aurre egiteko sendabelarra, gizartea ahalduntzea, egituratzeko eta ekimenak abian jartzeko erraztasunak ematea, egoera berrietara egokitzeko gaitasuna barrura dezagun. Zerbitzu publikoak behar-beharrezkoak dira, bereziki, giltzarriak diren eta bestelako egiturarik ez dagoen kasuetarako... baina ez ditzagun gizartetik datozen iniziatibak ito edota itoarazi, beharbada, iniziatiba horiek direlako egoera berrietara bizkor egokitzeko aukerak dituztenak edota egitasmo berritzaileak abian jartzeko bizi-indarra gordetzen dutenak.