Egitarau oparia dakar Markina-Xemeinen larunbatean –otsailak 10– ospatuko den Landare Azokak. Izan ere, jardunaldi beean, Hemen Be Bai merkatari elkartearen urteroko Merkatu Txikia ospatuko da –10:00etatik 15:00ak arte–eta baita Jakoba Errekondok herritarren zalantzak argitzeko saioa eskainiko du.

Lore, landare, bertoko ekoizleen produktuak eta artisau produktuak eskuratzeko aukera “paregabea” izango dela azaldu dute ekimeneko antolatzaileek. Udalak antolatuta, Lea-Artibai Landa Garapenerako Elkartearekin elkarlanean, “landa eremuari eta lehen sektoreko ekoizleei bultzada emateko helburua” du azokak. Orotara 33 postu izando dira, produktu mota askoz hornituak. Zehatz mehatz, zazpi landare mintegi, artisauen hamar gune eta bertoko produktuen 16 postu – ogiak, gozoak, gaztak, mermeladak, ahatekiak, txerrikiak, txakolina, sagardoa, ardoa, pasta ekologikoa eta eztia – izango dira Zelai gunean, 10:00etatik 14:30ak arte.

Aurtengo edizioan, gainera, “Lea-Artibai Amankomunazgoak ere parte hartuko du. Izan ere, azokan bertan, hondakin organikoak batzeko kitak banatuko dira orain arte txartela ez duten herritarren artean. Horrez gain, konposta jasotzeko aukera ere egongo da”, zehaztu dutenaren arabera. Bestetik, azokaren osagarri bezala, hitzaldia eskaini du Jakoba Errekondo agronomo eta landare gaietan adituak. “Herritarren zalantzak argituko ditu Errekondok, 11:00etatik aurrera, udaletxeko pleno aretoan”.