Euskal Herriko ezker ei abertzalea bat bitan banatzen da berriro ere. Maiatzaren 1eko kale-agerraldian Euskal Herriko Komite Sozialistek, EH Bildutik sortuek, Bilbon erakutsi zuten zein den euren bandera. Ez da ikurrina. Bandera gorria da. Eta horrek aspaldiko gomuta dakarkit gogora. Izan ere, antzina bazen alderdi espainolista bat: Organización Comunista de España (Bandera Roja). Hori ezustekoa! Kar-kar-kar. Horrek arestiko jazoera hau gogorarazten dit: ezker abertzalearen alorrera bildutako hainbat ez zen abertzalea, ezpada sistemaren aurkakoa. Ene, bada!

Hori ez ezik, bada beste xehetasun bat: talde politiko horretara bildutakoen edadeak oso goiztiarrak dira. “Langile boterea” aldarrikatzen dute, baina ez du ematen sekula beharrik egin dutenik. Ez litzateke txarra izango kale-agerraldira joandako zenbatek duen soldatapeko lanik aztertzea. “Iraultzaile profesionalak” ote dira ala euren gurasoen etxeetan bizi dira oraindik? Sinetsita nago euren amek barruko jantziak garbitzen dizkietela, eta asteroko ordainketa ematen dietela. Alferra beti alfer eta astitsu… eta zarrastel.

Zer da abertzaletasuna haientzat? Sentimendua ala kalkulu politikoa? Sentimendua izan dadin, ezagutu behar da maitatzen dena. Euskal Herria, kontsigna izateaz gain, zer da Bilboko kaleetara azaldu ziren haientzat? Euskal Herriaren barne-muina ezagutu barik, ezin da hura maitatu. Hala ere, “agiprop” batentzat ez da arazoa Euskal Herria ez maitatzea, eta hura talka politikora dakarte ezein erreparo barik; ez baita benetan maitatzen, ez dago eragozpenik hura helburu politiko “profesional”en mende jartzeko.

Hori lehendik frogatuta dago. Izan ere, Leninek eta Stalinek tsarraren mendean zeuden herri zapalduen nahiak aldarrikatu zituzten Sobietar Batasuna eratzeko. Maitale iruzurtien moduan jokatu zuten: oheratu aurretik dena agindu, baina oheratutakoan agindu guztiak ahaztu. Ala haien ondorengoa den Putinek Ukrainari egindako erasoa ez ote da horren frogagarri?