Igandean, urtarrilaren 28an, Bermeoko XVIII. Herri Lasterketa egingo dela aurreratu dute Udaleko bozeramaileek. Lasterketa nagusia 11:00etan hasiko da, eta gutxi gorabehera 8 kilometro izango ditu ibilbideak. “Herrikoia” ta “soziala”, eta adin guztietako bermeotarrei zuzendutakoa, Xabier Ortuzar Butron Kirol saileko zinegotziaren esanetan, aurtengoan batzen den dirua –euro bat ordaindu beharko dute txikienek eta bi nagusiek– Bermeoko Institutuko Gela Egonkorrak jasoko du, “gelako ikasleen artean kirol praktika sustatzeko helburuarekin”.
Arene kiroldegian eman beharko dute izena Bermeoko Herri Lasterketan parte hartu nahi duten bizilagunek. Umeek, berriz, euren ikastetxeetan izena emateko aukera izango dute. “Lasterketa egunean ere izena emateko aukera egongo da 10:30ak arte, hala ere, antolatzaileen lana errazteko, egunak lehenago izena ematea eskertzen dute”, nabarmendu dute Udaletik.
Zentzu horretan, edonork parte hartu dezakeela gaineratu dute. eta lasterketak kategoria ezberdinak izango ditu: umeak (3 eta 6 urte bitartekoak), txikiak (7 eta 10 urte bitartekoak), gazteak (11 eta 14 urte) eta azkenik, nagusien maila 14 urtetik gorakoak. Herri Lasterketaren helburuak hauexek dira: “herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatzea, osasuna eta kirolaren arteko harreman estua azaltzea, kirola Bermeoko kaleetan ikustea eta sentitzea eta kirola herritarrei hurbiltzea”.
Bestetik, ibilbideari dagokionez, Bermeo osotik arituko dira korrikalariak. Besteak beste, Lamera inguruan, erdiguneko historikoko Nardiz-Tar Jon kalean, Baztarren, Tonpoi aldean edota Bizkaiko Jaurerria kalean. Ordutegiei dagokionez, nagusien lasterketa, 11:00etan hasi eta 12:00ak ingurura arte izango dela aurreikusten da. Hori dela eta, ordu tarte horretan, “korrikalariak errespetatze aldera, ibilgailuak ahalik eta gutxien erabiltzea eskatzen da”.