Pandemiak eragindako zailtasunak jada gainditute, urtero uda partean antolatzen den Bermeoko XXXVII. Musika astea gaurtik abuztuaren 5era bitartean izango da. Bost kontzertuz osatuta egongo da, doakoak guztiak. “Jaialdiak bere ohiko formatua berreskuratuko du. Honela, nahi duenak kontzertuetara joan ahalko du, betiko aforoak bete arte”, adierazi du Bermeoko Kultura zinegotzi Alazne Zumetak. Santa Maria elizan eta Bermeoko Kafe Antzokian izango dira emanaldiak.
Lehen emanaldia Ganbara Abesbatzak asiakiko du. Taldeak Inspiratio izenburupeko proposamen musikala aurkeztuko du gaur Santa Maria elizan 20.00etatik aurrera. Hurrengo egunean, “Kendra taldeak folk kontzertua eskainiko du toki eta ordu berean. Kendraren emanaldiak musika-ikuskizun dinamiko eta parte-hartzailearen kontzeptuan aurkezten dira, adin eta mota guztietako jendearen-tzako egokiak”. Bestetik, abuztuaren 3an Musika Ensembleren txanda izango da eta Gaztañetaren bidaia lana aurkeztuko dute Santa Maria elizan 20.00etan.
Ostegunean, abuztuaren 4an, Oreka Reed Quintet-ek Orekovid kontzertua eskainiko du Santa Maria elizan 20.00etan. Taldea Euskal Herritik dator eta penintsulako hainbat tokitako musikariek osatzen dute. “Berezko izaera eta nortasuna duen talde bat da, emozioen orekan oinarrituta, eta Donostian sortu zen, Musikenen”, antola-tzaileek jakitera eman dutenez. Azkenik, abuztuaren 5ean amaituko da Musika Astea, Bermeoko Kafe Antzokian, 20.00etan, Olindak emango duen kontzertuarekin. “Taldeak bossa, folk edo rhythm and blues doinuak taularatuko ditu”, gaineratu dutenez.
Bermeoko Musika Astea bueltan dela nabarmendu zuen Zumetak. “Ilusio handiarekin aurkezten dugu aurtengo edizioa. Izan ere, pandemiaren urteak gaindituta, lehengo Musika Astera itzuliko gara”.