'Arquitecturas Migrantes', 'Hacia lo invisible', 'Vergeles armónicos. Canciones de oasis y clorofila' eta 'Ciudades de Amor / Cities of Love' izan dira, La Reunión en Danza (RED) eta 'Orbitan 3' musika-jaialdiaz gain, 'Bertatik Bertara' kultur laguntzetarako deialdian saritutako sei proiektuak.

Kalitatea, interesa, bideragarritasuna eta berrikuntza izan dira epaimahaiak aintzat hartu dituen irizpide nagusiak. Epaimahaiak baloratu du, halaber, proiektuak hiru hirietan garatzea eta dauden sorkuntza-sektoreen artean lan-sareak sortzen laguntzea. Izan ere, denek dauzkate ekitaldiak eta hiru hirietako kultura-profesionalak inplikatzen dituzte.

Horixe da, hain zuzen ere, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Sailak, Santander Creativa Fundazioak (FSC) eta Logroñoko Udaleko Kultura Unitateak finantzatutako laguntza-poltsa honen funtsa: hiru hirietatik gutxienez bitan kultura-eragileen arteko lankidetzatik sortzen diren proposamenak babestea, loturak sortzeko eta kultura-eskaintza aberasteko.

Hauek izan dira epaimahaiko kideak: Iñaki López de Aguileta, Bilboko Udaleko Kulturako zuzendaria; Justo Ezenarro Mugaguren, Bilboko Udaleko Kultur Programazioko zuzendariordea; María Aránzazu Martín Egaña, Logroñoko Udaleko Kulturako zuzendari nagusia; Juan García Calvo, Logroñoko Udaleko Kultur Jardueren zuzendaria; Yolanda de Egoscozabal Martínez, Santanderreko Udaleko Kulturako zuzendari nagusia; eta Almudena Díaz Gutiérrez, FSCko zuzendaria.

Kontuan izan behar da proiektuen poltsa horretarako 90.000 euroko aurrekontua bideratu dela guztira, hiru erakundeek hainbana jarrita. Hortaz, ekimen bakoitzak 15.000 euro jasoko ditu. Aurten, hainbat diziplina jorratuko dituzte proposamenek, hala nola dantza, musika, arkitektura, botanika eta zinema; eta, batez ere, azken hiruhilekoan garatuko dira.

Dantza garaikidearen inguruko topaketak, kontzertu ibiltariak, argazki-esplorazio saioak, desgaitasuna duten pertsonen inklusioa mesedetzeko egonaldi artistikoak, artea eta botanika konbinatzen dituzten tailerrak, eta hiriek topagune eta emozio-leku gisa duten garrantzia aldarrikatzen duten film laburrak dira Santanderren, Bilbon eta Logroñon "Bertatik Bertara" programari esker egingo diren jardueretako batzuk.

Hauek dira puntuaziorik handiena lortu duten proiektuak, hurrenkera honetan:

  • "La IX Reunión en Danza (La RED)" proiektua. Antolatzaileak: Kantabriako dantza-profesionalen "Movimiento en Red" elkartea, Bilboko La Fundición eta Logroñoko Sempiternal kultur elkartea. Dantza garaikidearen inguruko erakustaldi- eta prestakuntza-programa bat da, koreografo berriei zuzendua, haien talentua aldarrikatzeko eta diziplina hori herritarrei hurbiltzeko.
  • "Orbitan" jaialdiaren 3. edizioa. Sustatzaileak: Niágara aretoa, Bilboko Rabba Rabba Hey! kultura-elkartea eta Logroñoko Stéreo aretoa. Elkarlanean antolatutako jaialdi txiki honek ikusgarritasuna eman nahi die musikaren sektorerako erreferentetzat jotzen diren arren ohiko zirkuituetatik urrun dauden hiru hirietako kultu-bandei.
  • Arkitektura migratzaileak. Antolatzaileak: Santanderreko La Vorágine Crítica kultura-elkartea, Urbanbat Bilboko hiri-berrikuntzako bulegoa, eta Logroñoko Taller enBlanco. Ikerketa bat da, hiri bakoitzeko argazkilari baten lanaren bidez egina. Ikerketan zehar, hiri-espazioan migratzaileei lotutako eraikuntzak, egokitzapenak eta aldaketak bilatzen dira. Zer eragin izan dute paisaian edo nola eman dizkiote esanahi berriak? Jarduera-programa honek online topaketak, argazki-saioak eta erakusketa bat ditu.
  • “Hacia lo invisible”. Egilea: Mari Paula koreografo eta kultura-kudeatzailea (Santander), Bilboko Kampai Espazioa eta Jorge Luis Tesone, Logroñoko kultura-kudeatzailea. Proposamen honen helburua arte eszenikoen paisaia sustatu, hausnartu eta zabaltzea da, desgaitasuna duten pertsonak barne hartzeko, eta, horrela, espazio kultural soiletatik haratago hedatuko den elkarrizketa artistiko bat planteatzeko. Sorkuntza garaikideko egonaldiak, bitartekaritza-topaketak eta erakusketa bat egingo dituzte hiri bakoitzean.
  • "Vergeles armónicos. Canciones de oasis y clorofila". Egileak: Santanderreko Atalaya Voces abesbatza, Bilboko Magnolia Rare Books eta Logroñoko El Gardenista. Arteekin, botanikarekin eta hainbat hiri-espaziorekin (auzoko saltoki txikiak edo auzo-etxeak, adibidez) hitz egiten duen proiektu bat, non landareek protagonismo berezia duten eta oasi txiki gisa funtzionatzen duten.  Ekimen honen ideia da hiri-kokapen batetik naturarekin konektatu behar dugula, eta gure tokiko ekosistemak babesteko premiatik abiatzen da. Hiri bakoitzeko artistek kontzertu "intimoak" eskainiko dituzte, kokaleku bakoitzera egokituak, landareek funtsezko tokia hartzen duten espazioetan.
  • "Ciudades de Amor/Cities of Love". Egileak: Kantabriako Sincio de pelis ekoizpen-etxea, Bilboko ikus-entzunezko industria sustatzeko Develop elkartea eta Logroñoko Diego Pergo Films. Zinema kolektiboko proiektu honen helburua da hirigunea giza topaketarako eta geure emozioak modu partekatuan adierazteko foroa izan dadila. Ideia horretatik abiatuta, ekoizpen-etxe bakoitzak film labur bat sortuko du egoera erromantiko berdina esploratzeko, zeinek bere hirian. Hiru istorioetako protagonista bikote berbera izango da.