Taldean lan egiteko proaktibotasuna eta adierazitako zereginak autonomiaz egiteko malgutasuna eta antolatzeko gaitasuna erakutsi beharko ditu. Positibotasun handia, konpromisoa eta bezeroez arduratzeko joera izan beharko ditu; mezu hau Bizkaiko aholkularitza ezagun baten lan-eskaintzaren iragarkian irakur daiteke. Asko eta asko dira lan-merkatuan iniziatiba, proaktibotasuna, autonomia eta proiektu hitzak biltzen dituzten lan-eskaintzak beraien betekizunetan, bolo-bolo irakurtzen diren gaitasunak dira laneskaintzetan.

Guzti-guztiek, baina, iniziatibarekin zerikusia daukate. Hala, ekintzaile izatea nork bere asmo, burutazio eta ideiak edukitzea ez ezik, horiek praktikara eramateko gaitasunari ere baderitzo. Proaktibitatea ez al da hori? Alabaina, kontzeptuak berak beste ñabardura batzuk biltzen ditu bere baitan; adimen artifizialak, esaterako, arriskuak hartzeko gaitasuna, ingurune aldakor batean aukerak antzemateko gaitasuna, sormena eta berrikuntza hitzak erabiltzen ditu ekintzailea definitzeko orduan.

Konpetentzia horri Lanbide heziketan garrantzi handia ematen zaio eta, nola ez, Harrobia ikastolak ere bat egiten du balio horrekin. Hori dela eta, bertako Marketin eta Publizitateko ikasleek Ekintzailearen eguna izeneko ekitaldia antolatu zuten Bilbao Ekintzaren instalazioetan. Ekimenaren helburua lanbide heziketako zikloetako ikasleek lantzen dituzten enpresa proiektuak erakustea izan zen. Ideiak ez ziren nolanahikoak izan, bizikletak konpontzeko euskarri bat 3D inprimagailuarekin sortua, aktibitate fisikoa egiteko sare sozial bat, herri-aldizkari bat, bideo-joko enpresa…

Ekintzailetasunaren aldeko apustu hau, ordea, ez da berria; izan ere, urte batzuk dira Harrobian ekintzailetza lantzen hasi zirela. Ikastola Portugaleten zegoeneko garaian sortu ziren, bertako ikasleek sortuta, alegia, Gaueko, S.F.Koop. edo Urki Abentura. Harrez geroztik 15 enpresatik gora sortu dira ikastolan, gehienak Urrats Bat egitasmoaren babespean; aurtengo ikasturtean, esaterako, proiektu bat sortua dute dagoeneko Harrobian, 3D animazioak eta bideo-jokoen munduan, beste bi inkubatzen ari dira Marketin sektorean eta bideo-jokoen arloan, hurrenez hurren.

Harrobia Ikastolako ekintzailetza azoka

Lan horretan, baina, ikas-zentroak ez daude bakarrik, administrazio publikoaren laguntza oinarri-oinarrizkoa da; beraz, elkarlana arrakastaren gakoa dela ere esan liteke. Bizkaiko Diputazioaren edo Bilboko udalaren laguntza ezinbestekoak da, bai aholkularitza zerbitzua, bai diru-laguntzen kudeaketan; bide horretan, esaterako, Bilbao Ekintzaren laguntza ezinbestekoa izan zen aipatutako azoka antolatzeko, beraien instalazioetan egin baitzen.

Laburbilduz, ekintzailea nork bere proiektu propioa abiatzean badatza ere, ekintzailea mendeko langilea ere izan daiteke, promotore autonomo baten gaitasun berberak eskatzen baitzaizkio, bere erakundearen hobe beharrean; hori da intraekintzaile izenez ezagutzen duguna.

Edonola ere, ekintzailea bera da hasierako beldur horri aurre egin behar diona, arriskuak hartu behar dituena, adimen sortzailea garatu behar duena eta etengabeko eta ezjakintasunezko eszenario batean murgildu behar dena, Harrobia ikastolan argi dute konpetentzia horiek garatzeak eramango dituela beraien ikasleak pertsona proaktiboak, autonomoak, malguak eta antolatzeko gai izatera, lan-eskaintzak adierazten zuen bezala.