Zabalik dago jada San Bartolome gaineko begiratokia. Donostiako Udalak amaitutzat eman ditu zortzi hilabete iraun duten lanak. Horretarako, Udalak 759.646 euroko aurrekontua bideratu egin du.

Egur teknologikoz estalitako plataforma handi bat da, Catalonia Donosti hotelaren eta etorkizuneko Talent House-ren ondoan dagoena, eta Easo kalearen gainean hegan egiten du, beste ikuspegi batetik hiriaz gozatzeko aukera paregabea eskainiz.

Eneko Goia alkatea talaian izan da, Nekane Arzallus Hirigintza Jasangarriko zinegotziarekin eta San Bartolome Muinoako gerente Martin Arreguirekin batera, eta adierazi duenez, "amaitu gabe geratzen zen azken espazioetako bat da, San Bartolomeko eremuaren birsorkuntza burutzeko. Dudarik gabe, eremu horrek bizitasunean eta espazioan irabazi du, herritarren gozamenerako".

Begiratokiak Joseba Elosegi izena izango du, eta Easo 22ko etxebizitza eraikinaren ondoko igogailu publikotik igotzen da bertara. Harmailak eta arrapalak ditu, eta kristalezko baranda batek errematatzen du, hiriaren ikuspegi zabalaz gozatzeko.

Begiratokiaren egituraren barruan -egituraren eta hormaren artean- habia kutxa batzuk ere egokitu dira, garai batean inguruan ohikoa zen sorbeltza hegaztiaren itzulera laguntzeko.

SAN BARTOLOMÉ EREMUAREN BERRANTOLAKETA

San Bartolome eremua berrantolatzeko eta hiri gune berriak sortzeko proiektatutako etxebizitzak eraiki ondoren, Easo plaza hobetzeko eta birgaitzeko lanak egin dira, eta muinoaren gainean begiratokia egin da.

Era berean, Larramendi kaleko tartea berritu da, Urbieta eta Easo kaleen artean, eta kalea berrantolatu egin da, bidegorri batekin eta autobus geltoki berriarekin.

Obra horiek 2020ko azaroaren erdialdean hasi ziren eta 511.313 euroko aurrekontua izan dute.

Jarduketa horien aurretik, egitura sendotzeko lanak egin dira San Bartolomeko horma enblematikoan, hormigoizko ainguraketa eta habeak jarriz. Lanak amaitu ondoren, habeak estaltzeko hainbat elementu aztertzen ari dira, emaitza estetikoagoa lortzeko.

FALTA DIREN LANAK

Urbanizazio obra horiek bukatu ondoren, hurrengo pausua San Bartolome gaineko bidea eta Katalonia Donosti Hotelaren ondoan dagoen berdegunea burutzea izango da. Laster ekingo zaie aipatutako lanei.

Azkenik, Aldapetako izkinan dagoen merkataritza guneari lotutako urbanizazio obra ere egingo da, plan berezi baten arabera. Plan hori irailean behin betiko onartzea aurreikusten da.