Ostiralean goizean, urriak 8, Bilboko Igeniaritza Eskolak 2020-2021 promozioko 14 ikasleei diplomak emateko ekitaldia jaso du. Egun horretan berta, hogei urte bete dira Euskal Herriko Unibertsitateak eta Tecnaliak duten Ikasgela Teknologikoak.

Han izan dira Eva Ferreira UPV/EHUko errektorea, Charles Pinto Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendaria eta Jesús Valero Tecnaliako zuzendari nagusia.

Saio horretan, ekimenaren 20 urteak berrikusi dira gainetik, eta lortutako emaitzen balantzea egin da. Horretaz gain, Ikasgelaren garapenari ekarpen berezia egin dioten pertsona batzuk omendu dira: José Antonio López-Egaña (Robotikerreko zuzendari nagusi ohia; zentro hori Ikasgelaren sustatzailea da), Joseba Jauregizar eta Iñaki San Sebastián (Tecnaliako zuzendari nagusi ohiak), Javier Muniozguren eta Enrique Amezua (Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendari ohiak) eta Alfonso Hernández-Frías (Euskoikereko zuzendaria eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ikasgelaren arduradun ohia).

Bilboko Ingeniaritza Eskolako UPV/EHU-Tecnalia Ikasgela Teknologikoa 2001ean sortu zen, Robotiker Ikasgela gisa, unibertsitatearen eta Ikerketa eta Garapen Teknologikoko Zentroaren artean proiektu bateratuak garatuz lankidetza zientifiko-teknologikoa sustatzeko. Tecnaliaren eta Bilboko Ingeniaritza Eskolaren arteko lankidetza-hitzarmen horren esparruan, askotariko jarduerak egiten dira: gradu- eta master-amaierako proiektuak, doktore-tesiak, hitzaldiak, ikertzaile-trukeak eta hezkuntza-lankidetzako egonaldiak.

Bilboko Ingeniaritza Eskolako Ikasgela Teknologikoa martxan jarri zenetik, 300 ikasle pasatu dira, zeinek ikasketa-amaierako lanak egin baitituzte bi erakundeetako 120 ikertzaileren tutoretzapean. Ikerketa horiei esker, bi erakundeen intereseko hainbat esparrutako ezagutza zabaldu da: fabrikazio aurreratua, energia berriztagarriak, adimen artifiziala, 4.0 industria eta efizientzia energetikoa, besteak beste Ikasgela Teknologikoaren esparruan, gaur egun, 57 doktoretza-tesi ari dira egiten lankidetzan zuzenduta, eta, horrez gain, bi ikerketa-laborategi bateratu daude, non 65 ikertzaile ari baitira lanean adimen artifizialaren eta itsas zabaleko energia berriztagarrien eremuetan.

Ingeniaritza Eskolan, lehen Gela Teknologiko horretaz gain, antzeko beste hiru ekimen daude UPV/EHUren eta Tecnaliaren arteko lankidetzaren esparruan: Ekonomiaren eta Berrikuntzaren Kudeaketaren Ikasgela, Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean; Ikasgela Teknologikoa, Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatean; eta, berriena, Ikasgela Teknologikoa, Donostiako Ekonomia eta Enpresa Fakultatean.

UPV/EHUren eta Tecnaliaren arteko lankidetza estrategikorako tresna eraginkorra dira Ikasgela Teknologikoak. Aurreikuspenen arabera, ekintzailetza eta ikertzaile-doktoreen trebakuntza sustatzeko lankidetzak ere egingo dira, gaur egun egiten diren jarduerez gain, non elkarrekin ikertzea eta lan egitea baita ardatza.