Bi atxilotu Orion arma zuri batekin eraso egiteagatik
Larunbat honetan goizaldean, abuztiak 13, Ertzaintzako agenteek 26 eta 32 urteko bi gizon atxilotu dituzte Orion, Gipuzkoan, udalerrian bertan gertatutako eraso batekin ustez zerikusia izateagatik. Antza, eztabaida batekin hasi zen erasoa.
Erasoaren ondorioz, bi pertsona ospitalera eraman behar izan zituzten arma zuriekin egindako lesioak zituztenez, eta horietako bat larri zaurituta zegoen.
Atzo, larunbata, goizaldeko ordu bata eta laurden aldera, Ertzaintzari jakitera eman zioten borroka batean bi gizonezko zauritu zituztela, itxura denez, arma zuri batekin, Orioko taberna baten inguruan. Lekura herritarrak babesteko lanetan ari ziren patruilak eta osasun-zerbitzuak hurbildu ziren. Artatu zituzten bi pertsona horietako batek odola zerien zauriak zituen toraxean eta besteak besoan, eta biak anbulantzian eraman zituzten Donostia Ospitalera. Lehenengoa ospitaleratuta geratu zen, zauri larriak baitzituen, eta bigarrenari jada eman diote alta.
Polizia-dotazioek lekuan bertan bildutako informazioaren arabera, bi gizonek eztabaida izan zuten zaurituetako batekin eta arma zuri batekin eraso egin zioten. Bigarren biktima, dirudienez, eztabaidan bakeak egiten saiatu zen, eta besoan ebaki bat egin zioten. Bi inplikatuek alde egin zuten lekutik erasoaren ondoren.
Egindako ikerketaren ondorioz, agenteek handik laster aurkitu eta atxilotu zituzten ustezko erasotzaileak.
Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du gertatutakoa argitzeko, eta arrastatuak agintari judizialaren eskuetan jarriko dituzte polizia-eginbideak amaitu ondoren.