BARAKALDO. Astelehenean, azaroak 10, Barakaldoko Udaltzaingoak etxebizitza baten okupazioa saihestu egin du bigarren aldiz hilabete honetan. Aurrekoan bezala, oso garrantzitsua izan da barakaldarren kolaborazioa, Barakaldoko Udaleko Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila arloko zinegotzi Ángel Madrazok azaldu duenez.

Astelehenean eguerdian suertatu da gertaera. Herritar batek jarri du Tokiko Polizia jakinaren gainean, dei bat eginez. Dei horretan, atariko eskaileran zaratak entzuten ari zela eta etxebizitza okupatzeko saiakera bat izan zitekeelako susmoa zuela ohartarazi du.

Berehala bertaratu dira Tokiko Poliziako patruila bat baino gehiago gertakarien lekura, eta bizkor jardun dira okupazioa burutu ez zedin. Izan ere, ihes egin aurretik, pisura sartzeko atea markotik ateratzea lortua zutela egiaztatu ahal izan dute udaltzainek.

Pozik azaldu da Ángel Madrazo Tokiko Poliziak bizkor jardun duelako, eta eskerrak eman ditu, berriz ere, herritarren laguntzagatik eta gertakarien berri berehala eman izanagatik. "Oraingoan, okupatu nahi zuten etxebizitza ez da beste kasu batzuetakoa bezalakoa. Etxebizitza babestu bat da, eta inguruabar pertsonalengatik etxebizitza libre bat eskuratzerik ez duten familientzako erabiltzen da" azaldu du Madrazok.

Tokiko Poliziak egindako lan bikaina nabarmendu nahi izan du Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Arloko zinegotziak, eta zorionak eman dizkie bai azken jarduketa horiengatik, bai erakutsi duten profesionaltasunagatik eta egunero udalerriko auzotarrei ematen dien zerbitzuagatik.