Gaur Hizkuntzen Europako Eguna da, eta aurten 25. urteurrena beteko du, “Hizkuntzek bihotzak eta adimenak zabaltzen dituzte!” goiburuarekin. Hizkuntzak komunikatzeko bitartekoak bakarrik ez direla gogorarazten digun esaldia: besteengana hurbiltzen gaituzten loturak dira, enpatia pizten dutenak eta mundua ulertzeko eta munduarekin harremanetan jartzeko dugun modua aberasten dutenak.

Gure herrian ondo dakigu hori. Euskara hizkuntza bat baino askoz gehiago da: memoria kolektiboa da, ahaleginez, maitasunez eta ekintza instituzionalez transmititutako ondarea. Europako gainerako herrialdeekin partekatutako etorkizuneko proiektua da gainera. Euskara gure errealitate sozialaren parte da, eta, beraz, Europakoaren parte. Europaren ondare partekatua.

Hizkuntza-aniztasuna Europako DNAren parte da. Batasunaren leloak, “Aniztasunean elkartuta”, argi adierazten du errealitate hori. Baina ez da aniztasunik egongo euskara (edo katalana edo galegoa) hitz egiten duten milioika europarri aitortza ukatzen zaien bitartean.

Europako Batzordeak berriki egindako txosten batek baieztatu duenez, hizkuntza gutxituek, erakundeen laguntza jasotzen duten lekuetan, gizarte-kohesioa, dinamismo ekonomikoa, lan-aukerak eta kultura-aberastasuna sortzen dituzte. Euskara, Europako beste edozein hizkuntza bezala, ez da oztopo bat: aukera bat da.

Duela hilabete batzuk, euskara Europako agendan egon zen berriro katalana eta galegoarekin batera, aitortza ofiziala jasotzeko. Eztabaida atzeratu egin zen, baina gure erabakiak bere horretan jarraitzen du. Zeren eta euskaldunok ezaugarri batengatik nabarmentzen baikara, gure sinesmenen irmotasunagatik, alegia.

Euskararen ofizialtasuna defendatzea ez da keinu sinbolikoa, ezta iraganarekiko begirada nostalgikoa ere. Etorkizuneko apustu bat da.

Sakonetik, gure nahia europarra da: Europako bizitzaren parte diren hizkuntza guztiek errespetu, aitortza eta aukera berberak izatea.

Horregatik guztiagatik, Hizkuntzen Europako Egun honetan, euskarari bihotza eta adimena zabalik dituzuela begiratzera gonbidatzen zaituztet. Europaren etorkizuna, eta gurea bera, indartsuagoa, batuagoa eta gizatiarragoa izango da hizkuntza guztietan idazten bada.

Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea