2020an zendu zen Joan Mari Torrealdai, euskaltzale eta pentsalari usurbildarra, Jakin aldizkariko zuzendaria izanikoa. Usurbilgo Udalak eta Jakinek elkarlanean bere izena daraman beka sortu dute. Beka honen bidez, kultur egitasmoak edo kultur ikerketak sustatu nahi dira. Euskara eta kultura gaurko eta biharko gizartean gaia hartuta, lehen edizioa izan da 2022koa eta Artxibo biluzia lana ondu du Metrokoadroka kolektiboak beka irabazita. 

“Biluzik utzi ninduten, ez fisikoki, bai intelektualki”. Torrealdai atxilotu zutenean idatzita utzi zuen testigantzan jasotzen da esaldi hori. Testigantza horretatik tiraka, esaldi hori hartuta, egin du Metrokoadroka Kolektiboak ikerketa eszenikoa. 

Metrokoadroko kide den Oier Guillanen (Donostia, 1975) hitzetan, adierazpen hori izan da “pizgailua”. Beraien metafora propioa sortu dute: “bere artxibo denak eraman zituztenean, biluztasun horrek sortzen zigun hunkiduratik tiraka hasi ginen lanean. Imajinatzen genuen karpeta huts bat, lapurreta horrek ekarritakoa, eta denon artean bete nahi dugula karpeta hori”.

Konferentzia bat, eszenaratze bat da sortu duten pieza. Bere elementuak ditu, mahaiak, pertsonak, mikrofonoak, aulkiak, ur botilak… Metrokoadrokoek eszenaratze hori beraien terrenora eraman dute. “Gure gorputzetatik pasatu dugu eta zertan transformatzen den ikusi.

Ez dio konferentzia izateari uzten, baina igarotzen da gorputzetik, umoretik eta neurri batean poesia bisualetik”, kontatu du Gillanek. 

Lerro ezberdinak dituen proiektu honetan pieza eszenikoan hartu du parte Intza Alkain (Lasarte-Oria, 1995) aktoreak: “Nahi zuten bakoitzak bide ezberdina hartzea eta gero sortutako esperimentu eta erantzunetatik proiektuak elikatzea”. Dokumentu huts bat bezala, iritsi da proiektura. Aurretik beraiekin lan eginda, ezagutzen du Metrokoadrokoen lan modua.

Interesgarritzat jo du proiektua, lan egun konkretuak izan dituzte eta bertatik “material pila bat” atera dute. Erantzun horiekin, konferentzia performatiboari forma eman diote, gidoia osatu. “Teatrotik badu, baina beste kode batzuk erabiltzen ditu konferentzia performatiboak. Zerbait berria eta aberasgarria izan da niretzat lan honen parte izatea”. 

Umorea lan tresna

Ez da komedia bat Atxibo biluzia lana, baina Metrokoadroka Kolektiboan lan egiten duten eran, umorea ezinbesteko tresna da. “Askotan pentsa daiteke umorea txistea dela eta gai batzuk edo egoera batzuk fribolizatzen dituela. Gure ustez, kontrakoa da. Zuretzat garrantzitsua den edozein gai umorez lantzeko gai zarenean, ahaldunduta zaudela esan daiteke. Baduzu distantzia nahikoa publikoaren aurrean hitz egin eta transmititzeko”, gogoratu du Guillanek. Umorea publikoarekiko zubi bat sortzeko tresna gisa erabiltzen dute. 

Umorea presente duten tresna bat bada ere, Alkainek argi du obra serioa dela beraiek eszenaratzen dutena: “Ikerketa pertsonala egin dugunez obra honen gidoia sortzeko Jabi eta biok askotan umorera jo dugu, baina kuriosoa da nahiz eta biok umorera jo, hasieratik elkarri esaten eta errepikatzen diogu hau serioa dela”.

Etorkizuna elkarrekin idazten

Konferentzia baten forma du pieza eszenikoak eta, hori horrela, zuzenean interpelatzen da publikoa. “Ikusten genuen ez garela nor esateko zein ideia transmititu behar diren etorkizunera. Guk baditugu gureak eta zerbait pertsonala izan daiteke, horregatik, ederragoa iruditu zitzaigun publikoari karpeta hori betetzeko aukera ematea”, azaldu du Guillanek. 

“Zein istorio nahi zenuke historiara pasatzea?” galdera zuzentzen die publikoari ikerketa eszeniko honetan. Emanaldian bertan modu performatibo batean eskaintzen zaio aukera ikuslegoari galdera erantzuteko: “Alde batetik, txartel batean erantzuna idatzi eta kutxa batean sartzea eskatzen diegu.

Bestetik, erantzun bera beste txartel batean idatzi eta berau Torrealdairen liburu batean gordetzea, izan liburutegi baten aurkitutako liburuan, liburu dendan… Horrela, agian, etorkizunean beste norbaitek jaso dezake etorkizunerako istorio hori”. Emanaldiz emanaldi jasoko dituzte istorioak, jendarteak idazten dituenak eta etorkizunean transmititzeko.

Hiru hanka

Hiru arloz osatzen da Joan Mari Torrealdai bekari esker Metrokoadrotik sortu duten proiektua. Laborategi-tailerra, Artxibo biluzia pieza eszenikoa eta liburu formatua izango duen argitalpena. 

Ikerketa eszeniko bat izango zela hasieratik zuten buruan. Taldean, elkarlanean egindako prozesu baten murgiltzen da pieza eszenikoa. “Garrantzia prozesuari ematen diogu. Elkarrekin ikertu eta lanketa egiteari, laborategian gertatzen dena aintzat hartuta”. Ideia honekin tailer bat planteatu zuten eta laborategian topatutako ideia eta ariketak jendearekin partekatu, bakoitzak bere istorioak kontatu ahal izateko.

Hiru hankek elkarren artean eragitea izan dute asmo. Batean eragiten duenak, batean sortzen dena, beste esparru, arloetara eraman. Hala eratu dute teatro dokumentala, konferentzia performatiboaren formatua hartu duena. Liburua, aldiz, maiatzean argitaratuko da.