Hitza du sortzeko berezko tresna Anari Alberdi Santestebanek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1970). Aspalditik da ezaguna musikagintzan egindako bide oparoagatik, doinuei nola testuei ere tentuz erreparatuz. Oraingoan, testuak beste molde baten lantzea erabaki du sortzaileak: Gari eta goroldiozko (Susa, 2022) narrazioa ondu du. Kontatzeko erari erreparatuta garatu du kontakizuna egileak. 50 urteko emakume baten bi bidaia harilkatzen ditu liburuak; garizko eta goroldiozko paisaietatik igaro ahala, barrura zein kanpora begirakoak deskribatzen ditu pertsonaiak.

'Gari eta goroldiozko', lehen liburua argitaratu berri duzu. Nolakoa izan da plazara liburu formatuan ateratzea?

Argi dago izan duela zerbait berezitik. Badaramatzat urte batzuk argitaratzen, eta segur aski argitalpen berri baten aurretik sortzen diren sentsazioak antzekoak dira. Liburu bat edo disko bat egitea da gauza bat imajinatzea, eta irudikapen hori gauzatzea. Eta, aditzaren adiera exaktoan, ikusitakoa gauzatzea oso sentsazio ederra da beti. Bestalde, liburu bat izanda feedback-a ezberdina da. Horrekin asko disfrutatzen ari naiz.

Eroso sentitu zara literaturaren bidean, beraz.

Bai, bai. Erosotasuna obra bera da, sormen lanean bilatu behar duzu. Liburua ateratzea formalismo bat da. Lanean gustura egon naiz, gustura jardun dut idazten eta ikasketa bat ere bada niretzat. Kantuak eginez ikasten duzu nola kantuak egin, eta idatziz ikasten duzu nola idatzi. Nik orain arte dudarik gabe diskoetarako ere letrak idazten nituen, baina beste zabalera bat hartzen duenean testuak beste gauza batzuetara garamatza. Horretan eman dut denbora gehien, eta saiatu naiz idatzian testu ez jarraitu bat egiten. Tipologia testualari bere lekua ematen, errekurtso literarioei, linguistikoei…

Nola kontatu, hain zuzen. Horri erreparatu nahi zeniola adierazi duzu.

Gari eta goroldiozko bi paisaiari buruzkoa da. 50 urte inguruko emakume bat agertzen da nire deskripzio fisikoarekin fitxa polizial baten jaso ahalko litzatekeena, baino ez da niri buruzko liburu bat. Baditu nire zenbait gauza, baina ez da niri buruzko liburu bat. Ez nuke inoiz kontatuko nire historia edo niri buruzko ezer ez balitz horren bidez beste zerbait sortzeko. Horretan saiatu naiz, asko. Idazkera ariketa bat egiten, hori nola kontatu. Kapa asko ditu liburuak eta kapa denetan nago ni; baina ez da niri buruzko liburu bat.

Liburura joanda eta izenburutik hasita, 'Gari eta goroldiozko' Bernardo Atxagaren 'Obabakoak' liburuari erreferentzia dela aipatu duzu. Zertarako izan zaizu baliagarri zure egitea erreferentzi hori eta izenburura eramatea?

Atxagari buruzko enkargu bat egiten ari nintzela, hitzaldi bat paisaiari buruzkoa, 'Obabakoak' irakurri nuen enegarren aldiz horri begiratuta, paisaiari. Berak hor aipatzen du gari eta goroldiozko izaera zuela pertsonaia batek, eta nik segituan egin nuen hitz joko hori: ni naiz gari eta goroldiozkoa. Horrek klik bat egin zidan. Bi elementu horiek hartuta; bai aitarena, bai amarena, bilatu nuen hori nire subkontzientean eta ederra iruditu zitzaidan.

Ama eta aita, garia eta goroldioa, eta bi gertakari abiapuntuan: 13 olibondo herentzian jaso izana eta gazte hil zen aita baino zaharrago "bihurtu" izana… Bi erreferentziak ageri dira liburuan. Hortik tiraka hasi zen jaiotzen narrazioa?

Nik uste bi norabide daudela sortzeko eta idazteko. Bat da zuk nahi duzun zerbait idaztea, eta bestea da berez datorkizun hori jasotzea, berridaztea eta horrekin zerbait egitea. Berez zetorkidan hori jasotzen ari nintzela nire burua harrapatu nuen idazten, tartean bi testu horiek: aita eta amarekin egindako argazki baten oinarritutako denboraren inguruko testu bat, eta bestea, 13 olibondoren herentziari buruzkoa; eta, bide batez horien zaintza egokitu zaidanez, hori ulertzeko ariketa bat. Nire amaren familiatik datoz eta hori niretzat nahiko bizi arrotza da. Horretaz hitz egiten dut baita, nola galdu daitekeen eta nola arrozten garen. Eta aitarena ere beste norabide batean, oso gazte hildako aita batek uzten dituen galdera guztiak. Argi ikusi nuen baita testu horiek ez zirela abesti bat egiteko. Niretzat hori gakoetako bat da. Orduan erabaki behar nuen; edo albo batera uzten nituen edo horiekin zerbait egiten saiatzen nintzen, eta justu nahi ez nuena zen gauza autobiografiko bat egin. Askoz garrantzitsuagoa da zer egin horrekin, eta horrekin literatura egitea. Ez dago bizi literariorik, nire bizitza ez da literarioa, baizik eta literatura egitea zure elementu bital batzuekin. Kasu horretan, hazi bezala erabiltzea beste istorio edo beste testu dena lotzeko.

Anari Alberdi Santesteban idazlea. Ruben Plaza Etxabe

Izan ere, familiari, orokorrean, ere egiten zaizkio aski erreferentzia: anaiari, amari, aitari…

Erabiltzen ditut familia den kosmologia xelebre horren elementuak beste zerbait adierazteko edo bilatzeko. Adibidez, nire anaia dago liburuan hitz egiteko zer den anai bat edukitzea. Zer da anai bat edo ahizpa bat: ia zure bizi iguala ikusi duena, baina ziur aski dena ezberdin ikusi eta gogoratzen duena. Hor daude horrelako palanka txiki batzuk, baina gero beste gauza batzuei buruz da liburua.

Deskribapenez ere josia dago liburua: paisaiak, objektuak, emakumearen begietatik besteen bizitzen eszenak… bidaietan zehar denak. Zertarako zaizu baliagarri deskribapenez jositako kontakizuna?

Paisaia azaltzen da, paisaia adiera ezberdinetan. Paisaia da zure etxetik begiratuta ikusten duzuna iluntzean, etxeen arteko hori dena, eta paisaia dira baita ere basoa edo gari soroak. Baina paisaia pixka bat, paisaia humanoa bezala agertzen da, eta paisaian gauzak gertatzen dira. Azaltzen da paisaiari buruzko interpretazio eta hausnarketa politiko edo ideologiko bat. Barrura ikusten duena, barrurantz ikusten duena, hori ere deskripzioaren barruan sar daiteke.

Bidaian jarri duzu protagonista, bi bidaiatan: zinematik etxera eta etxetik amaren familiako herrira. Bidaia bat izan liteke denboran zein espazioan mugitzeko aukera ematen duen errekurtsoa. Protagonista espazioan mugitu ahala, denboran mugitzen da nolabait?

Horrela kontatzea erabaki nuen eta hasieratik oso erraza egiten zitzaidan. Mundutik pasatzen ari da; eta hori egiten du kotxez eta oinez. Hor dago oinez zoazela zer ikusten duzun eta zein altueratan zauden, eta kotxean zoazela pasatzen zarela mundutik beste modu batean. Kotxeko bidaia horretan paisaia denak daude aukeratuta, naturaren paisaiak nahita daude aukeratuta: itsasoa, mendia eta Nafarroa hegoaldeko lautada. Iruditzen zitzaidan mugimendu horrek sortzen zuela horrelako kontainer bat. Dena eusten du, eskeletoa da, eta horrela eraikita dago. Hor ikusi nuen klabea: mundutik pasatzean ikusten duzuna; bai barrura, nola kanpora.

Zimurraren erreferentzia ere gakoa da, zimurtutako azala. Denboraren joanaren edo zahartzearen kezka hori da, akaso, jaten gaituen gai unibertsal bezain intimo horietako bat da?

Nik uste gai unibertsal pilo bat daudela, eta baita intimoak ere. Kontrazalean esaten du: 50 urte eta betaurrekoen atzean segitzen du zizelkatzen begi ertzetan denborak egin dizkion zartadurak. Zerbait sortzen duzunean, zuk zuretik deskribatzen duzu, baina badakizu zuk izandako pentsamendu horiek orokorrak direla. Ez dut uste nik inori erakutsiko diodanik ezer bizitzari buruz, denborari buruz, denboraren joanari buruz… baina bai saiatuko naiz era pertsonal baten, edo era poetiko baten, egiten. Niretzat hori da intentzio xumea eta aldi berean erraldoia sortzeko momentuan; esan nahi duzun hori zure era pertsonalean esatera iristea, zure ikuskerarekin bat datorren eran esatea.

Formari dagokionez elementu ezberdinak daude: matematikaren poesia, testu hautsia, atal laburrak… testu "txatalak". Zergatik?

Saiatu naiz tipologia testual ezberdinetan lan egiten. Konstrukzio bat da, konstrukzio testual bat ere bada liburua. Uste dut denetik daukala: estatistika, poesia… Baina ni saiatu naiz dena liburu baten barruan sartzen. Nik uste nahiko hibridoa dela, ez da narrazio purua. Uste dut horrek ere ematen diola izaera bat, hibridotasun horrek, edozeinen egun bat izan daitekeen loturarik gabeko aldiberekotasun horretan. Intentzioaren eta tonuaren arabera uste dut zenbait gauza despoetizatzen saiatu naizela, eta tonuan ere nahasten. Gauza oso transzendentalei pisua kendu eta tonu bateratu bat ematen.

Hitzekin jolas moduko bat da?

Bai, badago testuaren kontzientzia handi bat idazterakoan. Badago kontatzen ari naizenari buruzko kontzientzia formal handia. Eta jolas handi bat ere: zer kontatu, zer ez kontatu… narratzaileak ere badauka bere lekua. Hor daude kapak. Banekien oreka zela ere gakoetako bat: ezin zuen luzeegia izan, eta motzegia ere ez. Eduki behar zuen neurri bat, eta hori da gehien eraman nauena gauzak fintzera joatea, kentzera joatea. Saiatu naiz baita ere paragrafoak korapilatzen eta sintaxia kiribiltzen. Nahasten testua, ura nahasten den bezala.