'Liztor mutanteak' Santi Leonéren hirugarren liburua da (Susa, 2022), baina fikziozko lehena. Aurretik bi saiakera argitaratu ditu: 'Euskal Herri imajinario baten alde' (Elkar, 2008) eta 'Euskal Herria XIX. mendeko bidaia-liburuetan' (Alberdania, 2009). Artikulugile eta zutabegile gisa ere irakurri izan dugu hainbat komunikabidetan, eta itzultzaile lanak ere egin ditu. Kasurako, berak euskaratu ditu Mario Vargas Llosaren 'Pantaleon eta bisitariak' eleberria eta Saint-John Perse Antilletako poetaren 'Munduko Poesia Kaiera' ere.

Fikzioa idazteko gogoa aspalditik zuela aitortu du idazleak, baina hainbat arrazoi tarteko orain dela bost urte arte ez zion barruan gordetako horri nahi bezala heldu. Ekin zion, ordea, eta ipuin sorta hau dugu emaitza. Nolanahi ere, argitara ematerainoko bidea gorabeheratsua izan dela aitortu du: batzuetan gustura sentitu da idatzitakoarekin, eta besteetan ezertarako balio ez zuela pentsatu izan du. "Normala den bezala", gaineratu du idazleak.

Asko pentsatu gabe hasi zen ipuinak idazten, literaturaren inguruko gaiak lantzen zituzten batzuekin lehenik, eta harreman interpertsonalei heltzen zieten besteekin ondoren. Gai nagusiaren bereizketa hori nabarmena da hamar ipuinetan, baina ez zurruna. Literatura ardatz duten narrazioetan harreman afektiboek ere badute pisua, eta alderantziz.

Bateko zein besteko, ipuinetik ipuinera zenbait gai eta motibo errepikatzen dira: frustrazioak, erabakiak (hartutakoak zein hartu gabeak), damuak, etab. Leonék argitu bezala, bilatu gabe agertu dira bere ipuinetan: "Ez dut nahita egin, azken urte hauetan nirekin eraman ditudan kontuak dira". Horregatik uste du ezagutzen dutenek askotan islatuta ikusiko dutela, pertsonaiaren batean edo egoera zehatzen batean.

Lanak ez du autobiografikotik ezer, baina sortutako unibertsoa egilearen errealitatetik abiatu da. Apirilaren 25ean egindako aurkezpenean Sergi Pamiès-i erreferentzia eginez azaldu zuen hiru hornitzaile izan dituela idazketa prozesuan: "Memoria, irudimena eta errealitatea". Hala, egoerak asmatzeko bere azalean bizitako pasadizoak hartu ditu eta fikziozko kontakizuna josten joan da, edo bere ezaugarri propio batzuk muturrera eraman ditu.

Lekuz kanpo dauden pertsonaiak

Izenburuak bestelakorik iradoki dezakeen arren, 'Liztor mutanteak' ez da zientzia fikziozko lan bat, eta ipuinetan ageri diren pertsonaiak mundutarrak dira batik bat; baina, "apur bat lekuz kanpo daudenak", Santi Leonék zehaztu duenaren arabera. Askotarikoak dira: "Eritasunak erauzitako lo orduetan largabistarekin pareko bizilagunak nola idazten duen behatzen duen andrea, maitalearen etxetik seme txikia dagoen ospitalera lasterka doan gizona, gaztetan idatzitako ipuinak betiko markatu duen idazlea, superheroien unibertsoei, porno atariei eta maitasun perfektuei jarraiki dabilen artikulugilea"...

Gertatzen zaienak aldentzen ditu errealitate zorrotzetik: liburu bat idazten duen bakoitzean ordurako beste batek lan bera argitaratu duela etengabe konturatzen da itzultzaile bat, nahi gabe plagioak ateratzen zaizkio; edo, erabakirik ez hartzea erabaki du gizon batek; oporretan asper-asper eginda dago bestea... "Orokorrean, deseroso edo lekuz kanpo sentitzen diren pertsonaiak dira", argitu sortzaileak, bereziki sinpatikoak ez direla aipatzearekin batera.

Ihes egin nahian

Denek ala denek, nahi gabe, errealitateari ihes egiten diote nolabait, literaturaren bidez, pop erreferentzien bidez, irudimenaren bidez, zientzia fikzioaren bidez, literaturaren laguntzaz... Saiatu, bai, baina normalean ez dute lortzen, eta behin eta berriro errepikatzen da frustrazio sentimendua.

Forma aldetik, anitzak dira sortako kontakizun guztiak: batzuk linealak dira eta beste batzuk denboran saltoka dabiltza, atzetik aurrera idatzitakoak ere badaude, eta urte askotako pasarteak zein arratsaldeko bateko kontuak azaltzen dituztenak. Estiloa da denak batzen dituen soka. Leonék sintaxia josteko duen modu berezia agerikoa da orrialde guztietan. Narratzaileak beti du gehitzeko zerbait, beti dago azalpen zehatzago bat emateko prest. Horrekin batera, ez du gustuko erreferentziarik egiteko aukerarik galtzea: pop erreferentziaz josita dago liburua, baina goi-literaturako erreferentziek ere badute beren tokia; ahaztu gabe umoreak narrazio guztietan duen ageriko presentzia.

Ogibide nagusia irakasle duenez, uda luzea idazteko probestu nahi du Santi Leonék, bai sorkuntza propioak eta baita itzulpen batzuk egiteko ere. Dagoeneko hasia da bere kabuz beldurrezko ipuin batzuk itzultzen eta, esan bezala, uda idazteko eta itzulpengintzan aritzeko baliatu nahi du. "Nire asmoa da liburu hau fikziozko lehendabizikoa izatea baina ez azkena edo bakarra", biribildu du.