Gotzon Hermosilla: “Modu inkontzientean, gau giroko istorioak idazteko joera dut”
Taberna zuloko istorioak eta han eta hemen gertatutakoak bildu ditu Gotzon Hermosillak ‘Gaur galtzea tokatzen da eta beste istorio batzuk’ liburuan. Hamabi istorio anitz, ezberdin, baina lotzen dituen hari batekin: pertsonaia galtzaileak
Istorio guztietako pertsonaiak galtzaileak dira edota zeozer galtzeko prozesuan daude”. Tabernak, drogak, rock and rolla? Ez da Gotzon Hermosilla kazetari eta idazleak (Barakaldo, 1964) elementu horiek kontakizun batean biltzen dituen lehen aldia, izan ere, “agian modu inkontzientean”, gau giroko istorioak sortzeko joera edo zaletasuna duela dio, eta hala ikus daiteke bere aurreko lanetan ere.
Oraingoan hamabi ipuin ondu ditu, baita denbora tarte luzean idatzi ere, zaharrena 2001ean eta berrienak iaz. Han eta hemen barreiatuta zituen ipuinak Gaur galtzea tokatzen da eta beste istorio batzuk (Elkar) liburuan bildu ditu: batetik, taberna zuloko istorioak, eta han eta hemen girotutako narrazio heterogeneoagoak, bestetik. Sortze prozesuaz, istorioen kokapenen zergatiaz zein bere aurreko lanez hitz egin digu Hermosillak. Baita liburuaren azalaren inguruko pasadizo xelebre bat kontatu ere.
Liburuko lehen ipuina 2001ean sortu zenuen, urteak pasa dira ordutik. Zelakoa izan da sor-tze prozesua?
Ez dira propio liburu bakar batean batera agertzeko idatzitako istorioak. Nik ipuinak ida-tzi ditut, zaharrena 2001ekoa da eta berrienak iazkoak dira. Kontua da ipuin horietako ba-tzuk lehiaketa batzuetara aurkeztu nituela eta baita saria jaso ere. Horrelakoetan, normalean sariarekin batera ipuina argitaratu egiten dute, baina askotan gertatzen da publikazio horien bidez lanak ez duela zabalkunde handia izaten. Beraz, nik banituen hainbat ipuin hortik barreiatuta liburu edo aldizkari ezberdinetan agertutakoak, baina nire asmoa zen horiek guztiak bildu eta liburu bakar batean agertzea. Horregatik dira istorioak nahiko ezberdinak, ez ditudalako idatzi gai baten baitan edo liburu baten bilduko nituela pentsatuz.
Zelan egin duzu garai ezberdinetan idatzi dituzun istorio horiei batasuna emateko?
Egia da nik beti izan dudala, agian modu inkontzientean, zaletasun bat edo joera bat istorio asko giro urbanoan, tabernetan, gaueko giroan eta pertsonaia zehatz batzuen inguruan sortzeko. Horregatik, elementu horiek zituzten ipuinak (gaua, drogak, rock and rolla?) lehenengo partean bildu nituen, Gaur galtzea tokatzen da izenburupean. Gainon-tzekoak, oso heterogeneoak, elkarren artean oso ezberdinak eta aniztasun handikoak zirenez, bigarren partean sartu ditut ?eta beste istorio batzuk izenburupean.
Esan duzu aurretik ere argitaratu dituzun lanetan gai horiek landu dituzu: kalea, gaua, musika? Errepikatu egiten dira ezaugarri horiek zure sorkuntzetan.
Hala da, bai. Nire lehenengo liburua Road-movie (Alberdania, 2002), AEBtan zehar egindako bidaia baten kronika da. Eta kronika horretan baziren rock and rolla, bidean ikusi genituen kontzertuak, bisitatu genituen leku mitikoak... Egia esan, bazuen harremana gai horiekin. Handik urte batzuetara, Ramones taldearen biografia idaztea enkargatu zidaten, Ramones, familia maitagarria (Paper hotsak, 2005). Horrek, jakina, zerikusi zuzena zeukan rock and rollarekin. Duela bi urte, beste bi lagunekin batera, Iñigo Basaguren eta Igor Mercadorekin, ipuin liburu kolektibo eta autogestionatu bat argitaratu genuen, Idoloak akatu genituenekoa (Barnezomorro, 2016) izenekoa. Ipuin bakoitza punk edo hardcore abesti baten ingurukoa egin genuen, bakoitzak sei bat. Nik idatzi nituen istorioek zerikusi handia dute liburu honetako lehenengo ataleko narrazioekin.
Liburuko lehenengo atal horretan, pertsonaien izaera galtzailea da, edo izan daiteke behin-tzat, kontakizun desberdinen arteko elementu komuna?
Kontua da, istorioak denbora tarte oso luzean eta helburu eta aldarte ezberdinekin idatzi ditudanez, zaila zela dena barne hartuko lukeen titulu bat asmatzea. Gaur galtzea toka-tzen da aukeratu nuen lehenengo ipuinaren izenburua delako, baina baita egia delako bazutela ezaugarri komun hori, nahiz eta kontakizunak nahiko ezberdinak izan eta garai eta leku ezberdinetan kokatu. Gehienetan pertsonaiak galtzaileak dira edo ipuinean zerbait galtzen duteneko prozesu hori kontatzen da. Beraz, istorioak barnebiltzeko izenburu egokia zela iruditu zitzaidan.
Bigarren atalean landu dituzun gaiak heterogeneoagoak dira, baita kokalekuak ere: Ezkerraldea, Galizia, Txina?
Badago, adibidez, nahiko fantastikoa izan daitekeen ipuin bat, Txina inperialean kokatzen dena, justu nik kontatu nahi nuen istoriorako giro hori eta hizkera edo idazkera barrokoak egokiak zirela iruditzen zitzaidan, horregatik hautatu nuen. Badago beste bat XIX. mendeko Meatzaldean kokatzen dena, Gallarta eta Ortuella alde hartan, meatzarien bizimodua zelakoa zen kontatzen duena. Galizian gerta-tzen den bat ere badago, baita galiziar pertsonaiak dituzten pare bat ipuin ere. Beraz, esan bezala, askoz ezberdinagoak dira bigarren parte horretako ipuinak.
Ezkerraldea eta Meatzaldea agertzen dira liburuan. Esan izan duzu euskal literaturan ez dela asko azaldu Ezkerraldea.
Azaldu, azaldu da. Ez agian beste alde batzuk bezain beste. Donostia, Zarautz, Andoain triangeluan kokatutakoak asko dira, Bilbo ere izan da oso leku literarioa. Alde horretatik, Ezkerraldea eta Meatzaldea orain arte ez dira hain literarioak izan. Egia da Euskal Herriko paisaia horiek agertu direnean nahiko modu estereotipatuan agertu direla, topiko erraz ba-tzuk kontatzeko behin baino gehiagotan.
Zu Barakaldokoa izanda, modu kontzientean eraman dituzu zure narrazioetara eszenatoki horiek?
Ez dut uste modu kontzientean egin dudanik, ezta ezer erreibindikatzeko ere. Hori da nik ezagutzen dudan errealitatea eta batzuetan istorio bat kokatzeko errazena hori da, gehien ezagutzen dudana baliatzea, eta baita ere ba-tzuetan istorioek ere hori eskatzen didatelako; kontakizun batzuk nahiko urbanoak dira, gauekoak. Tipologia oso zehatz batekoak izanda, giro oso zehatz bat eskatzen zidaten. Baserri giroko inguru batean ezinezkoak izango ziren.
Hamabi ipuinetatik hirutan ageri dira jatorri galiziarreko pertsonaiak.
Bai, birritan oso modu nabarmenean eta hirugarren batean zeharkakoan. Istorio bat Galizia eta Portugalen arteko mugaldeko zona batean kokatuta dago. Niri alde horrek beti erakarri nau. Nahiko literarioa da zonalde hori. Badago Xosé Luis Mendez Ferrin izeneko idazle galego bat, Arraianos liburua argitaratu zuena. Euskarazko itzulpenak Mugaldekoak du izena. Hain zuzen ere, mugak kontatzen ditu (eurek arraia deitzen diote muga horri). Liburu hura irakurri nuenetik horrelako lilura bat izan dut zonalde horrekiko. Istorio bat han kokatzea erabaki nuen. Gainera, Galiziak beti erakarri nau, beti sentitu dut halako gertutasun moduko bat. Orain Katalunia oso modan dago, ikusiko dugu zer gertatzen den... Ematen du Katalunian badagoela prozesu bat eta euren eskakizun nazionaletan aurrera egiteko bide bat. Galizian, aldiz, ematen du horiek ere galtzaileak direla.
Liburuaren azalak ere badu istorio kurioso bat atzean.
Bai. Iritzia eskatu zidaten azalerako, ea iradokizunik nuen. Batez ere, lehenengo ipuin horretaz pentsatzean beti irudi bat etortzen zitzaidan burura: pertsona bat, larruzko jakarekin, gauez, kale batean? Esan nien bidaliko niela irudi bat, ez erabiltzeko baizik eta jakiteko ze irudi neukan nik buruan honetan pentsatzean. La Polla Records-en No somos nada diskoaren azala bidali nien. Zer egin dute? Irudi hori hartu eta omenaldia egin. Diskoaren azala Santi Oruek egindako komiki bat da, gainera nahiko irudi ikonikoa, gaur egun euskal rockaren historian gehienok baitaukagu irudi hori buruan. Diskoaren azalean marrazkia zena, argazki bidez egin dute libururako, eszenatoki berean. Gainera, ondo fijatuz gero, tipoaren ondoan dagoen zaborrean erdi ezkutatuta La Pollaren disko horren azala agertzen da, keinu gisa. Ideia polita izan da omenaldiarena.