Pasatu da Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna. Eta irakurri ditugu adierazpenak, eta ikusi ditugu manifestazioak, eta baita performance deigarri bat ere. Eta bagoaz ikasten.

Eskubideen aldarriaren aurrean, ostera, betebeharrak daude. Eta hauetaz, maiz, diruaz bezala, ez dugu karenka hitz egiteko ohiturarik.

Asteburu honetan, irakasleak diren lagun batzuekin izan dugu afaria. Eta ekidin ezinezkoa denez gero, eskolaz hitz egin genuen. Gure herriak bizi duen demografiaren bilakaeraz lehenbizi, Bilbo inguruko ikastetxe askotako ikasleen jatorriaz (gure lagunek Bilbon irakasten dute), eta hauek euskara ikasteko eta erabiltzeko daukaten aukeraz, ondoren.

Lagunek aditzera eman ziguten etorkinek ez dutela euskara ikasi nahi. Sekulako pisua dela eurentzako. Hasieran, ez dutelako piperrik ulertzen. Eta, ondotik ere, ulermen maila oso baxua dutelako. Etorkin horiek ez dutela euskaraz egiteko aukerarik, ikastetxean ez baldin bada. Baina ikastetxean bertan ere, ez dutela egiten. Patioan, jantokian edota ikasgelan bertan ere, euskaraz aritu behar dutela gogoraraziz pasatu behar izaten dutela eguna.

Arazoa, bada, ume eta gazte horiei eta beren familiei euskara maitaraztea dela esan ziguten. Lehenik eta behin, ikasi behar dutela onar dezaten. Gero, ikas dezaten. Eta, ondoren, erabil dezaten.

Eskubideen liburua irakurtzen hasten garenean, sarri askotan, guztia irakurri gabe uzten dugu. Interesatzen zaiguna bakarrik begiztatzen dugu. Etorkinen eskubideei dagokien kapitulua hobetoxe irakurri beharrean gaude. Badaukagu gure begia non jarri. Baina, aldi berean, irakurrarazi behar dugu baita, betebeharren kapitulua. Eskola ematen bada, zertarako eta nola ematen den. Eta zer eta zertarako ikasi behar den.

Irakasle lagunek, ikasgaiak baino areago, euskararekiko eta euskal kulturarekiko maitasuna irakasten dakiten irakasleak behar direla azpimarratzen ziguten. Jada, inork ez duelako maitasunaz hitz egiten. Garrantzitsuena, irakasleak transmititzen dizun mundua sentitzeko era hori denean, hain juxtu.