Gure aurrekoek halakoak aipatzen zituzten aukera eskas bi azaltzen zitzaizkien bakoitzean. Lehenengoak bazterrak horitzen, idortzen eta animaliak bazkarik gabe lagatzen ditu, bigarrenak, sekulako triskantzak eta kalteak eragiten. Biak ala biak dira eskasak edonondik begiratzen diegula. Trantze horretan gaudela uste izango du baten batek hauteskunde kanpaina dela eta. Sánchez eta Feijóo dira gobernatzeko lehian ari direnak eta, helburu horren peskizan, botoak erakarri behar dituztenak, orain arte jasotakoak zein ingurukoenak.

Sozialistek gainbeherari zelanbait buelta eman nahi diote orain arte bazkide izan duten Podemos alderdiaren zenbait boto eskuratuta; popularrei, aldiz, VOX alderdiaren pisua apaltzea interesatzen zaie, uztailaren 23aren ostekoak albait motxilarik arinenarekin kudeatzeko asmoz. Lehenengoek lanak dituzte euren hautagaiaren kontra sumatzen den oldeari aurre egiteko... Popularrak, ostera, oso posizio labainkorretara hurreratzen ari dira, VOX alderdiaren hainbat politika zurituz eta aldeztuz. Nago haren buruari ezkerra deitzen dionak ez duela aldi batean sorrarazitako ilusioa zapuztearen erantzukizuna onetsi, ez eta bere gainbeheraren arrazoietan sakondu ere, aipatzen diren guztiak faktore exogenoak baitira. Eskuinaren goraldia edota mehatxua ez dira nahikoak ezkerrari berriz botoa emateko!

Hemen, udal, foru eta Nafarroako Gobernurako hauteskundeen ostekoa biziko dugu. Hasteko, ez da erraza izango estatuko bi alderdi nagusien aldamenean mezu propioa aldarrikatzen azaltzea, bi aukera nagusien arteko ika-mika gainerako guztia ezerezean lagatzen saiatu delako, sozialisten eta popularren aukerak indartuz. EH Bilduk emaitzak hobe ditzake, aurreko hauteskunde orokorretakoekin alderatuta, eta hori ere maiatzeko hauteskundeen ajearen emaitza izanen da, nahiz eta botoetan behera egin, orduan jasotako hainbat sozialisten eta Podemosen saskietara joango direlako... Etsigarria da gainerakoekin horren kritiko eta zakar azaltzen direnak zein otzan eta zein erraz eta merke saiatu diren Espainiako gobernagarritasunean, aldarrikapen historikoak bazter batean lagata eta beren interesak –esate baterako, presoen kontua– lehenetsita eta abertzaletasuna oso-osoro urtuta.

Gurean, sikatearen eta euri zakarraren artean, zirimiria da aldarrikatu behar dena, abertzaletasun demokratikoak ereindakoa, EAJ-PNV alderdiak trantsizioaz geroztik egin duen lan ikaragarria, etenik gabea, gure autogobernuaren defentsan, herritarren eskubideak zabaltzen eta politika publikoak iltzatzen gauzatu dena. Badakit politika ikuskizun bihurtu dela, zentzurik latzenean, lazgarrienean eta, izan beharko lukeen zerbitzu bokazioa, lausotzen ari dela... Baina politikaren esangurarik oinarrizkoena gizartea trinkotzea, eraikitzen saiatzea eta herritarren zoriontasuna bilatzea bada, orduan badugu hemen beste eredu bat, guztien gainetik eragingarritasuna erakutsi duena, azpimarratzea eta balioan jarri behar dena. Gaurko zein geroko, sasi guztien gainetik eta azpitik!