Inguru jakin batzuetatik behin eta berriz errepikatzen ari diren kontua da Ukrainara armak bidali behar ez direla eta diplomazia lehenetsi behar dela. Izan ere, diotenez, armak eramanez gero, Errusiaren erasoaldia areagotzeko arriskua egon daiteke edota gatazka larriagotzekoa, eta beste lurralde batzuetara zabaldu. Nago, halako mezu batzuen atzealdean, Errusiari eman nahi zaion babes inplizitua dagoela, beharbada, mendebaldearekiko aurreiritziek bultzatuta edota, besterik gabe, Errusiaren iragan hurbileko erregimen komunistaren lilurak horretara erakarrita. Ukrainari laguntzarik eman ezean, lurralde horrek ez du aukerarik txikiena izango bere burua defendatzeko eta indartsuenaren logikaz, Errusiak inguruko lurraldeak mendean hartzeko daukan ekina indartu besterik ez da egingo.

Ukrainak ez du Errusia inbaditu, ez dio erasorik egin, ez eta bere azpiegiturak era sistematikoan birrindu ere. Hori guztia Errusiak egin du, horretara iritsi aurretik halakorik egingo ez zuela azpimarratu arren, 2021eko urtearen bukaeran... Baina egin du, Bigarren Mundu Gerra gogoraraziz eta aberriaren aldeko borrokatzat irudikatuz, inolako justifikaziorik ez daukan erasoaldia.

Apenas ezagutzen da Errusiaren XX. mendeko historiaz, erregimen komunistak Sobietar Batasunean eragin zuen hondamendi etiko, moral eta humanitarioz; ehunka mila pertsona lekuz aldarazi zituena; milioika, gosea eta errepresioa tarteko, heriotzara kondenatu zituena. Horrexegatik, atentzioa deitzen du ederto batean bizi, askatasun guztien jabe diren pertsonak, gure kaleetan, bandera gorriekin ikusteak. Errusiako herritarrek gozatu nahiko lukete hemen daukagun askatasunaz, perfektua ez izan arren, gerraren kontra edo Putinen kontra aritzen direnek errepresio bortitza jasan behar izaten dute eta... Bandera gorri horiek aldean azaltzen direnek, aldiz, azaldu beharko ligukete zein den gure herriarentzat proposatzen duten gizarte eredua, Errusian, Txinan, Ipar Korean, Venezuelan eta abarretan dagoena? Beharbada, inguru horietara egin beharko lukete bidaiaren bat, Australiara, Berlinera, Madrilera edo beste toki batzuetara oporretara joan aurretik.

Nire ustez, eraso bortitza jasaten ari den lurralde bati laguntzea gure eginbeharra da, hori delako senak, herritarren askatasuna oinarri duten lurraldeen eta askatasuna erabat baldintzatzen edo ezerezean lagatzen duten erregimenen artean, hautua egitea agintzen diguna. Horrek ez du esan gura diplomazia bazter batean laga eta indartu behar ez denik, baina, errealistak izanik, azken kontu honetan egin daitekeena ere mugatua da oso, baitira bestelako lurraldeak Errusia fermuki babesten eta laguntzen ari direnak, erasoaldiak segi dezan arnas emaile bilakatu direnak.