Egunkariaren hemeroteka berrikusi dut ea nire lankideetako baten bat Gabonetako jostailu oparituenaz idaztera ausartu den. Ez dut bere izena aipatuko publizitate gehiago ez egiteagatik eta gure hemerotekak xaloa izaten jarrai dezan, baina askok asmatuko zenuten ez naizela ari Lego edo Famosa markako jostailuez. Asetzailea deituko diogu, hori izango litzateke bere gutxi gorabeherako itzulpena eta. Orgasmo femeninoa erdigunean jarri duen klitori xurgagailuak ahoz aho zabaldutako arrakasta izugarria erdietsi du. Baina bere funtziotik haratago doan lorpena egotzi nahiko nioke: tabu bat hautsi baitu emakumearen masturbazioa klandestinitatetik ateraz. Testuinguru horretan, Espainiako Gotzain Konferentziak ohiz kanpoko proposamena egin du aste honetan, senar-emaztegaientzako bi urteko ikastaro bat planteatuz; hau da, 15 egunetik behin saio batera azaltzeko beharra. Hamabi bloketan banatutako ikasgai-zerrendan sexualitatearekin zerikusia duten aginduak dira deigarrienak. Ez pentsa Eliza eraberritu egin denik, ezkondu arteko kastitate-boto anakronikoa eskatzen jarraitzen baitu. Eta hortik aurrera, ugalketa da jomuga. Hortaz, ez da arraroa masturbazioa, ezkontzaren mehatxutzat dutena, "ekintza larriki desordenatu" bezala definitzea. "Ona da maitasunaren garaiak errespetatzea", argudiatzen dute, "ona da garaiak errespetatzea" aplikatu beharko luketen arren. Pikutara joan dadila predikatzen duten xalotasuna: Satisfyer.

aaraluzea@deia.eus