Riviera Mayan oporraldia igarotzeko auto bat alokatu genuen lagunak eta biok. Azken egunean, aireportura berandu gindoazela pentsatuz, larregi zapaldu omen genuen azeleragailua eta patruila-auto bat jarraika hasi zitzaigun. Estu eta larri, autopistako bazterbidean gelditu ginen Thelma & Louise filmeko ihesaldia imitatzeko asmorik gabe. Polizia-agentea hurreratu zitzaigun eta 133 kilometro orduko markatzen zuen gailu bat erakutsi zigun, hori baino bizkorrago ere joan garela esanez: bertako lege federalen arabera, arau-hauste handia zela eta 7.000 pesoko (312 euro gutxi gorabehera) isuna jarri behar zigula, baita lagunari gidabaimena kendu ondoren autoa alokatu genuen enpresan berreskuratu beharko genuela. Malkorik gabe egin genion negar, hainbeste tramiterekin hegaldia galduko genuela adieraziz. Ea eskudirurik geneukan galdegin zigun -horra hor nondik datorren duten ospea-, eta, guk, ezetz, herrialdea utzi baino lehen dena xahutu genuela. Azkenean, váyanse despacio esanez agurtu gintuen. Ikara pasatu ostean ondorio berera heldu ginen laguna eta biok: emakumeak ginelako barkatu gintuela, alegia. Ez dugu segurtasunik baina dudarik ezta. Horregatik, gertakari honek emakume izateagatik izan ditudan pribilegio pozoituetan pentsatzera eraman nau. Berdintasunetik aldentzen gaituztenez gero, eta ikuspegi paternalista batetik planteatzen direnez gero, saihestu egin beharko genituzke bai eta horrela dela egiaztatzeko frogarik ez dugunean?

aaraluzea@deia.eus