Jean Rhys idazle dominikarrak sekula ez zuen pentsatuko berak 1966an idatzitako Sargazoen itsaso zabala hain zabala bilakatuko zenik. Itsaslasterren eraginez, aurten bereziki, alga arrea tonaka heldu da Karibeko hondartzetara eta Mexikoko Golkora. Ozeano Atlantikoko iparraldeko eremuan jatorri duen sargazoaren banaketa berria ez da fenomeno natural baten emaitza izan. Ikerketa ezberdinek erakutsi dutenez, klima aldaketaren eraginez ematen ari den tenperaturen igoera, eta, gizakiaren kausaz itsasoan bukatzen duten ongarritzeko kimikoek edota hondakinek zerikusi handia izan dute. Erantzunkizuna kolektiboa bada ere, ondorioak batez ere Mexikoko Quintana Roo estatuan pairatu dituzte azken hilabeteetan. Batetik, ekosistemarentzat izugarrizko efektu suntsitzaileak ditu: izan ere, itsasoaren azalean flotatzen duen sargazoak koralak behar duen argia blokeatzen du, eta, gainera, itsas dortoken eta bestelako animalien etorkizuna arriskuan jartzen du. Bestetik, turismoari egundoko kaltea egiten dio itsasbazterrera arte heldu den alga arreak: akabo urdin turkesadun urekin argazkia ateratzea Instagramera igotzeko. Meliá, Barceló, Riu eta Iberostar bezalako kateek dagoeneko onartu dute sargazoa dela euren hotelen okupazioaren jaitsieraren arrazoietako bat. Eta ongi pentsatuta, hauxe izan daiteke arazoaren alderik onuragarriena: galera ekonomikoak eragiten dituen bitartean enpresa indartsuek egoera lehengoratzeko ahalegina egingo baitute.

aaraluzea@deia.eus