Albistea jaso zuen kazetariak, ordea, gertakariaren berri emateaz gain, bestelakorik ere gaineratu zuen: orain arte "kantinera" gisa neskak joan zitezkeela bakarrik zioen araudia puskatzea lortu zela. Eta galdera da: oraindik danborrada arautzen duen araudiak "kantinerak" neskek behar dutela izan eta, adibidez, "gastadoreak" mutilek behar dutela izan jartzen du? Ala irakurleak egiten duen irakurketa da? Ez da ba hizkuntza kontua izango, ezta? Hau da, araudia gaztelaniaz bakarrik idatzita dagoela eta ("las cantineras, los gastadores...") horrek zehazten duela danborradako figuren generoa?

Era batera edo bestera izan, hala baldin bada behintzat, arau horiek berrikusi egin beharko lirateke. Bai konpainien eraketarako genero irizpideak markatzen diren edo ez, eta baita hizkuntzaren erabilerak (hau da, araudi horiek gaztelaniaz idatzita egoteak) generoa markatzen ote duen.

Enpresei dirulaguntzak eskatzen dituztenean berdintasun plana indarrean izatea eskatzen zaien bezala, diruz laguntzen diren bestelako ekimenetarako ere (danborrada, kasu), horiek arautzen dituzten araudiak ere eguneratuta izatea eskatu beharko lukete, kasu honetan, udaletxeek. Batetik, araudi horiek genero ikuspegia landuta ote duten, hau da, genero diskriminazioa ekiditen duten eta, bestetik, araudi horiek euskaraz ere jasota ote dauden, hau da, hizkuntza diskriminazioa ere ekiditen duten. Diru publikoz laguntzen den ekimen orok berdintasun oro bermatu behar baitu, araudietatik hasita.