OSH Cavallo australiarra goraipatu eta miretsi egin genuen askok, armairutik atera zen bigarren futbolari profesionala izan baitzen pasa den urtean bertan, 2021eko urrian. Lehena Robbie Rogers izan genuen 2013an. 2013tik 2021era: abiadura ez da handiegia, ez. Joan den astean bertan, zelairatu bezain laster, Josh Cavallok irain eta kantu homofobikoak en-tzun zituen. Berak eta bere taldeak, Adelaide United-ek, salatu dute erasoa eta elkartasun mezuak zabaldu dira (gutxi zabaldu, dena den). Indarra eta kemena beharko ditu Cavallok, ez dut uste irain homofobikoak futbol zelaietatik bihar bertan desagertuko direnik, ez Australian, ez hemen. Ez dakit futbolari ona den ala ez, baina norbaiten lana gay izateagatik bakarrik epaitu eta gutxiestea ez zait urrunegi geratzen.

Bide batez, elkartasun mezuen artean ez dituzue aurkituko orain Australiatik dabilen kirolari serbiar horrenak. Jesukristorekin konparatu eta gero, Serbiako eliza alde izan eta gero, ez zaio komeniko mariken aferetan nahastuta ibiltzea: martiriek txikikerien gainetik egiten dute hegan. Beharbada berak ere pentsatuko du, Gaztela eta Leonen eskuin muturrak aurkezten duen hautagai horrek bezala, behar-beharrezkoa dela futbola heterosexualizatzea. Gehiago?

Horretan nengoela, ikastaro baten berri izan nuen, Eta denok desheterosexualitzen bagara? izenekoa, Hiruki Larrosak kooperatibak Gasteizen antolatua. Zera diote aurkezpenean: "Heterosexualitatea ez da gure desira orientatzeko modu bat soilik. Heterosexualitatearen atzean mundua ulertu, egituratu eta gainontzeko pertsonekin harremanak izateko modu bat ezkutatzen da". Arnasa hartu nuen eskuin muturreko hautagaiarena irakurri ondoren. Horixe da behar duguna, nire ustez: denok, dena, mundua, jendartea desheterosexualizatzea behingoz. Zoriontsuagoak izango ginateke guztiok, eta askoren oinazeak, Josh Cavallo bezalakoenak eta izen ospetsurik gabe inguruan ditugun hamaika lagunenak, gazte eta nerabeenak, leunduko lirateke behintzat. Desheterosexualizatu: hitza bera ere gustatu zait.