Zirrikituetatik begira

Grinak

09.12.2021 | 00:53
Grinak

PANDEMIAREN uholde tai gabeko honetan, nekea, krispazioa, eta desesperantza nagusitzen ari dira. Gero eta gehiagotan pentsatzen dugu bizitza eskuetatik ari zaigula eskapatzen, eta anitzetan, modu pasiboan begiratzen diogu egoeraren larritasunari. Dimentsio berri batean preso topatzen dugu geure burua, eta etor daitekeenari diogun beldurrak lotuta izaten gaitu. Ezin dugu ametsik egin, ezin dugu ilusio berri bati atea zabaldu, biharkoa erabakitzeke baitago, zalan-tzan. Baikortasunak bultza gaitzake lipar batean, eta ezkortasunak berriz meneratu hurrengoan.

Baina beste aldetik, garai arraroak eta latzak diren arren, ezin dugu zain egon, kexaka, hori ez baita bizitza leiala. Gure burmuinak serotoninaren kantitate beharrezkoa jasotzen duenean, bideoak oro egingarri eta desiragarriak dira, baina hori gutxitan agitzen da, ezta?

Bada, horixe suma daiteke egunotan Bilbon garatzen ari den Mendi Film Festibalarekin. Badirudi gure bizimodua alderrai dabilela espazio zehazkabe batean, eta bat-batean, bizitza hori une batean kontzentratzen da. Festibalak ekarritako filmek duten motibazio dosiak eragiten digu sentsazio hori, bai eta inaugurazio egunean bizi genuen emozioa ere.

Pantaila handian ikusi ditugun irudiek jende askoren amets bizigarriak, ibilbide askeak, garbiak, koherenteak, arriskugarriak eta zorionekoak luzatzen dizkigute. Hirietatik urrun dagoen mundu basati eta ezezagun hori gero eta txikiagoa da, eta hein berean, gero eta desiragarriagoa. Horra zuzentzen da gure ihesaldia. Eta espazio natural horiek dauden moduan babesteko eta gordetzeko beharra ere badago. Hori ere baita gure misioa. Baten batek zioen bizitzea asunto pertsonala dela, eta arrazoia ez zaio falta. Bada kolektibotasun bat inguruan, baina beti bizi gara era bakarrean, eta modu horretan egin behar dugu aurrera.

Egunotan ikusten ari garen film eder eta presiozista horietan, bizitzeko grina nagusitzen da, arazo guztien gainetik espazio eta denbora honetan bizitzeko dugun gogoa bermatzen da.

Badakizue, ametsak proiektu, eta proiektu errealitate bilaka daitezela.

noticias de deia