ADATOR abendua eta harekin batera urtea baino zerbait sakonago amaituko denaren zantzua. Hiri handietako zein herrixketako kaleak hasi dira Gabon soinekoak janzten, ikastetxetako gelak badoaz ikasleen lanez apaintzen ikaskide txikienak ahaleginak eta bi egiten dabiltzan artean kantu berriak -eta betikoak- ikasten eta inoiz baino jatorrago portatzen oraindik urrun dabilen Olentzerok jakin dezan zein onak diren.

Hilabete berezia da abendua. Jaiak eta zubiak ugari dira eta badago egunok egokiro antolatu nahian dabilenik familiarekin, lagunekin edota lankideekin ospatzeko. Halere, komeni zaigu gogoan izatea ez jairik ez etxerik ez daukanik ere badagoela gure inguruan, egoera horrek ez baitu hobera egingo abenduan.

Politikara ere badakartza ziklo itxierako zantzuak. Urteko egitasmoak burutu, aurrez egindakoa ebaluatu eta berriak pentsatzen hasteko garaia da abendua. Baina alderdi politikoek eta herri erakundeek abenduero duten eginkizun nagusia da hurrengo urterako aurrekontuak proposatzea, azaltzea, aztertzea, eztabaidatzea, kontra-proposatzea eta onartzea. Talde politiko bakoitzak eginkizun zerrenda honetan bereak ditu, herritarren onura delarik denen helburu.

Eusko Legebiltzarrean inoizko aurrekonturik hedakorrenak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak. Ohi bezala orekatuak dira eta zorpetze-maila ere azaldu zaigu. Zorrak ordaindu egin behar dira, jakina, eta aurrekontuek argi azaldu eta arrazoitu behar duten osagaia da, hurrengo urteetarako edota belaunaldietarako geratzen da-eta ordainketa konpromisoa. Badakigu zorpetze ahala lotuta dagoela gero ordainduko denaren bermearekin. Gaitasuna behar da, beraz, bai zorra egiteko eta baita zorrari erantzuteko ere. Eta eskerrak egungo egoera malapartatu honek zorra egiteko ahalez harrapatu dituen gure erakunde nagusiak.

Talde politikoen txanda hasi da. Egunak ditugu ezagutzeko kontra-proposamenak erakunde exekutiboenek erakutsi duten zehaztasun bertsuekin, gaia ez baita esaldi borobil batez argitzekoa. Hala bedi.