Zirrikituetatik begira

Afizioa

13.11.2021 | 00:24
Afizioa

bATZUETAN gutxietsi egiten dugu afizio hitza. Zerbait txikia balitz bezala sentitzen dugu: hobby bat, denbora-pasa bat, entretenimendu bat... Ez dugu bizitzako gauza garrantzitsuen karpetan sartzen, ez dugu bereziki garrantzitsua bezala sailkatzen. Hala ere, zaletasun bat izateak esan nahi du bizitzaren zerbait gustatzen zaizula, eta hori asko da, egia esan, gaur egun mundua eraikita eta antolatuta dagoen bezala ez baita ospatzeko modukoa. Bizitza ez da erraza ia inorentzat, are gutxiago arazo benetan larriak dituztenentzat: indarkeria sufritzen dutenentzat, pobrezia, bazterkeria, askatasun falta, gaixotasuna, mina.... Baina arazo larri horietako bat ez duenarentzat ere, ez da beti erraza izaten bizitzan aurrera egitea, egunero sortzen diren gatazkez gain, ilusioa mantentzea ez baita erraza, eta itxaropen eza, asperdura edo gogogabetasunak garai gaitzaketelako. Baina hor daude afizioak, askotan salbamendu tresna bihurtuta, egoera hauetatik irteten laguntzeko.

Agian bizitzako gauzarik zailenetako bat bizitza berari zentzu bat ematea da. Eta uste dut zaletasunek asko lagundu gaitzaketela bizitzari zen-tzu bat ematen, ilusio bat mantentzen: korrika edo paseatzera irtetea gustatzen zaigulako, edo astebururo mendira joatea, mila piezako puzzleak egin eta etxeko hormetan zintzilika-tzea, trikotatzea, astean bitan zinemara joatea, zuzeneko kontzertu bat ere ez galtzea, irakur-tzea eta irakurketa-klubetan parte hartzea, akuarelaz margotzea, bonsaiak haztea, baratze bat zaintzea, ardo ezberdinak dastatzea, zigiluen kolekzioa egitea, abesbatza batean abestea, salsa dantzatzea...

Zorioneko edo pozezko une handiak, gehienetan, gauza txikietatik sortzen dira. Zaletasunek, askotan, ilusioa ez galtzeko aukera ematen digute , benetan gustatzen zaigun zerbait egiteko gogoa eta borondatea sortarazten digutelako. Benetan gustatzen zaizun gauza txiki bat aurkitzea bedeinkapen bat izan daiteke, askotan espazio itogarri batetik irteteko modu bat.

Más información

noticias de deia