UK ere ikusi genituen zakilak dantzan. Baina garai hartan ez zen ezer esaten. Gogoratzen dut behin, asteburua pasatzera joan ginela ikastolatik. Baserri inguru batera izan zen. Naturaz gozatzera. Eta lehenbiziko gauean, monitoreak afalostekoan ziren artean, mutilek ganbaran batu gintuzten. Neskak alde batean eta mutilak bestean lerrokatuta. Lurrean jartzeko agindu ziguten, desfilea egin behar zutela eta. Eta kasetean musika zinta sartu ondoren, bata bestearen atzean jarri eta desfilea egiten hasi ziren. Alkandorak kentzen hasiko zirela uste genuenean, denek batera, brageta jaitsi eta zakilak atera zituzten gure begien aurrera. Ez ginen geunden lekutik mugitu ere egin. Izoztuta gelditu ginen. Uste dut ez zitzaigula eskandalagarria suertatu. Harrigarria bai, baina ez eskandalagarria. Azken finean, geure gelako mutilak ziren... Baina dinbili danbala jauzi egiten zuten zakil haiek lurrari itsatsita gintuzten, mugitzeke, euren menera. Botere erakustaldi bat zela ulertu genuen, taldearen hegira.

Beste batean, koxkonduagoak ginela, hiru neska lagun mendi ingurua abiatu ginen, masustak ba- tzera eta, halako batean, sastraka artetik adineko gizonezko bat atera zitzaigun, bere zakil tentea bistara zuela. Ikarak harrapatuta, mendian behera ihes betean hasi ginen, gizona atzetik genuela pentsatuta. Etxean ez genuen ezer kontatu. Bestela, mendian zertan ari ote ginen galdetuko baitziguten, eta errua geuri leporatuko.

Orduan, ez zen ezer esaten. Errua, beti, geurea baitzen. Botere jokoa zen.

EHUko arkitekturako irakasleak ere, aurrean zituen ikasleak uxatu nahiko zituela pentsatzen dut, bere boterea erakutsi, eta besteak menpeko hartu, aginduekin asmatu ez zuenean.

Beti dago, ordea, botereari aurre egiten dionik, momentua gainditzen duten ausartak. Gogoan dut, baserriko ganbaran mutu geundela, gure taldekide batek, lurretik jaiki eta mutilei txilibitua gordetzeko eskatu ziela. Mutu gelditu ziren haiek ere, gu bezala. Eta txilibituak gantzontziloetan sartu zituzten, boterea joko garbian galdu izan balute lez.