AITZ da asmatzea zein diren Espainiako Gobernuaren lehentasunak; izan ere, Erresuman ez dago ezein arazorik; guztia doa ezin hobeto. Hori dela eta, itxuraz, animalien babes eta eskubideen gaineko lege-aurreproiektu bat prestatu du.

Animalia guztiak ez, baina. Zezenak (eta behiak, antza) lege horren eremutik kanpo utzi dituzte. Zail egiten zait asmatzea zein den horretarako arrazoia. Toreatzeko zezenek ez ei dute beste animaliek bezainbeste eskubiderik babestuak izateko. Ni zezenketa-zalea naiz, baina ergelkeriak eta gogo txarrek gogaitu egiten naute. Laga ditzagun, ostera, zezenak alde batera, eta ikus ditzagun lege-aurreproiektu horren harribitxi batzuk.

Adibidez, txakur bat eduki nahi duenak prestakuntza-ikastaro bat egin beharko du. Noraino hel daiteke burugabekeria? Ez du mugarik, ikusten denez. Kaletar batek erakutsi behar dio baserritar bati zelan hezi eta hazi behar duen txakur bat? Gizaldietan zehar animaliak eta natura zaintzen izan dituztenak ez dira gai txakurrak hazi eta hezteko.

Horrelako burugabekerien aurrean, beti etortzen zait gomutara esaera latino hau: cui prodest? Izan ere, horren inguruan baten batek negozioa egingo du. Orain ikusi beharko dugu nork nor gaituko duen ikastaro horiek emateko. Ala unibertsitate-titulu bihurtu nahi dute txakurren eta etxeko gainerako animalien zaintza? Auskalo!

Bada beste kontu harrigarri bat: txakurrak (batez ere) harreran hartzeko dihardute esaten ez dakit noiztik. Txakur deslai bat kaleetatik atera eta etxean babestu nahi duen edozein kristauk ez ote du asmorik animalia horren ongizatea bermatzeko? Eskuzabaltasun-ekintza bat egin nahi duenari, gainera, oztopo bat jarri nahi zaio eskuzabaltasun hori erakusteko?

Honetan guztian badago faltan hartzen dudan osagaia: zentzua (zentzune, diogu bizkaieraz). Horixe da bizitzak edozein jardueratan erabili behar duguna, kontuak onbidean joango badira. Hala ere, irudikeriaren gizarte ustel honetan, azalak baino ez du garrantzirik.