Zirrikituetatik begira

Motxilak

04.09.2021 | 01:04
Motxilak

Aspaldi ikusten ez dudan lagun batekin hitz egin dut telefonoz. Elkarrekin egoteko tartea aurkitu beharko genukela esan diogu elkarri eta berak erantzun dit tarte hori ezin dela edonolakoa izan, "gure motxilak etxean utzita" egindako bidaia bat baizik.

Biok bakarrik edo beste lagunen batekin batera egun batzuk desagertzeaz aritu zait, etxean utzita egunero gure inguruan ditugun ardurak, harremanak, lanak...

Gehien jota gerriko poltsa txiki bat eraman dezakegula gaineratu du, "justu tabakoa eta metxeroa sartzeko". Bietako batek ere ez dugu erretzen, soilik oso egoera eta ospakizun berezietan, gure amek ezkontzatan kea irentsi gabe erretzen zuten bezala. Beraz, guretzat erretzeak sinbolizatzen du ospakizun bat, askatze bat, ihesaldi bat. Gure askatasunari ematen diogu kalada, zigarroari baino gehiago.

Kearen zaporea imajinatu dut ahoan eta askatasun hori gogoratu dut, gazte garaitik poliki-poliki galtzen joan garena.

Orduan pentsatu dut guztiz beharrezkoa dela noizbehinka motxilarik gabeko ihesaldia egitea, egunero lepo gainean daramagun karga guztia gainetik kentzea, eta ez bakarrik arindura sentitzeko, baita geure burua aurkitzeko ere.

Gainean daramazkigun motxilek, besteak beste, gu inoiz izan ginen pertsona zapaltzeko, estaltzeko, desagerrarazteko ahalmena baitute.

Gainean zenbat motxila eramateko gai garen ere ez dakigu eta askotan motxila horiek gainetik kendu arte ez gara haien presentziaz ohar-

tzen.

Adinarekin gure gorputza okertuz doa, baina ez da bakarrik gure fisikoaren zahartzen delako. Bakoitzak gainean daraman zama da gure lepoa poliki-poliki okertzen duena. Eta badago hau guztia arintzeko modu bat: ardurak ondo banatzea, kanpokoak eta etxekoak. Baina hau gertatzen ez den bitartean, noizean behin gerriko poltsatik zigarroa atera eta gure amek ezkontzatan egiten zuten bezala erretzea beste erremediorik ez daukagu antza.

noticias de deia