Zuok, hirurok, nire alaben Leire eta Enara, alabak eta semea zaretenok hazi eta heziko zarete eta kosta egingo zait, badakit, zuek zaretela ohartzea etxeko pasilloan ikusiko zaituztedan bakoitzean. Zuen hazte horrek nire barne grinetan kontraesanez beteriko sentimenduak sortarazten dizkit, besteren artean nire eta zuen amona eta nire emazte Patriziaren zahartzaroa dakarrelako halabeharrez, bizitzaren legearen patu saihestu ezina.

Jakin bizitza zaila dela, ez erraza, batzuetan polita, bestetan gogorra eta latza, malkoak eta irribarreak askotan nahastu egingo zaizkizue, lorpenak eta porrotak segidan etorriko. Ausardia eta kemena, buru hotza eta bihotz beroak ezinbestekoak izan beharko zaizkizue. Hegan hasiko zarete, horrela ikasi berria duen txoritxo batek bezala, hegaldi luzeari ekingo diozue eta polita, ederra izango, da, zuek koskortzen ikustea.

Zerbait esan nahi dizuet amaitu aurretik, euskaldunak gara, burujabetza bila dabilen euskal lurreko seme-alabak, ez txanda-pasarik egin, jator jokatu, zintzo eta leial, lan egin biharko gizarte hobea izan dezaten zuen seme eta alabek. Partaide izan abentura horretan. Asko lortu da, baina jakin, ezagutzen duzuen gaurko Euskadi, esfortzu, ahalegin eta kemen askoren emaitza emankorra dela. Euskara da zuen ama hizkuntza, euskaraz heziko zarete, zuentzat "normala" dena askoren egoskorkeriari esker lortua izan da, Euskadiri, urte ilun, latz eta zailetan, izandako konpromiso zintzo eta leialari zor zaio. Oraindik badago lortu beharrik. Oso aspalditik datorren Euskal Herri zahar bat gara, baina biziberrituz dagokigun etorkizuna gazte baten gisa bila gabiltza. Jarrai dezala kate honek, kate guztiak ez baitira berdinak. Zorte on bizitzan hiruroi.