Zirrikituetatik begira

AHT: zientzia-fikzioa eta heriotza

07.07.2021 | 01:04
AHT: zientzia-fikzioa eta heriotza

ZIENTZIA-fikzioa maite dut. Liburuak eta filmak. Agian film kontuetan, liburu kontuetan ez bezala, zerarik txarrenak ere irensteko gai naiz: espazio-ontzi bat jartzen didazue aurrean, edo denbora-paradoxa bat edo planeta bitxiren bat eta hor egongo naiz mugitu barik. Egia esan, generoa abandonaturik dut, azkenaldian ez baitut zientzia-fikziorik irakurri, baina pasa den astelehenean Diario de Noticias de Álava egunkariak zekarren artikulu bat irakurtzean, berritu nituen generoak eskaintzen ohi dituen sentsazioak.

Artikuluak oso izenburu luzea du eta, laburbilduz, Pankorbotik Gasteizera joango den AHTaren ibilbidea ia-ia kilometroz kilometro zehazten du. Aspaldian ez dut hain etorkizun urrun eta lausoan kokatutako istorio bat irakurri. Datarik ez da agertzen, misterioari eusteko, jakina. Hiru tunel eta zazpi zubi izango omen ditu trenbide berriak Araban; tunel horietako batek Gasteizko mendiak azpitik zeharkatuko ditu Dato kaleko geltokira iristeko. Ez da inon aipatzen nolakoa izango den geltoki hori, eta saga bereko beste liburuekin kontraesana ikusi dut nik hor: lur azpian egongo da azkenean geltokia, bai, ez? Artikuluan zientzia-fikzioan agertzen diren teknizismo erakargarri horiek daude: "Iragazkortasun txikiko marga-kareharriak", demagun, edo "konglomeratu eta hareharrien unitateak". Badira "zubi teknikoki baldintzatuak" eta "habitaten suntsiketak" ere. Aho zabalik irakurri dut artikulua (ai, zientzia-fikzioa!), baina tristatu naiz berehala, agian ondoan lagun ezkor batek "guk ez dugu hori ikusiko" behin eta berriro esaten ari zelako.

Orduan hasi naiz pentsatzen beharbada AHTari buruz agertzen zaizkigun albiste horien guztien helburua ez dela gu informatzea edo gu entretenitzea, batzuen adina eta guztion hilkortasuna gogoratzea baizik, agintariek proposatzen diguten ariketa aszetiko edo estoiko bat, alegia. Jorge de Senak monasterioekin konparatu zuen gaurko mundua eta bertako biztanleak, gu, heriotza gertu zegoela elkarri gogorarazten zioten fraideekin. Filosofo estoikoek ere heriotzaz hausnarketa egitea ona zela zioten. Horixe izango da benetako helburua? Bai bihozberak gure agintariak.

Más información

noticias de deia