Zirrikituetatik begira

Miraria

07.05.2021 | 01:22
Miraria

BATZUETAN mirariak egiteko gai garela sinisten dugu; botere jainkotiar bat dugula zeinaren bitartez gai garen pertsona baten izaera aldatzeko. Hau askotan gertatzen da, batez ere maitasun harremanetan, baina mantendu nahi dugun edozein giza-harremanetan ere eman daiteke.

Carson McCullersek Kafe tristearen balada liburuan zionez, kasu askotan maitatzen dugun pertsona gure bihotzean urtean pilatu dugun maitasuna pizten duen norbait besterik ez da. "Maitasunaren zientzian" aditua zen idazle handiaren lanetan askotan islatzen da ideia hau: maitemintzen garenean, maitaleari gure barnean urtetan eduki dugun maitale idealaren antza hartzen diogulako izaten dela askotan. Hortik aurrera, eredu ideal horren bila hasten gara haren baitan. Baina batzuetan ametsa eta errealitatea ez datoz bat eta, kasu horietan, guk nahi dugun modukoa ez dela onartu beharrean, askotan pentsatzen dugu gai izango garela pertsona hori aldatzeko eta "maitasunaren edabe magikoarekin" gure maitale ideala bihurtzeko. Buztin moldagarria balitz bezala.

Carson McCullersi galdetu ziotenean Reeves McCullersekin ezkontzeko arrazoiaz, honela erantzun zuen: "Berarekin ezkondu nintzen musu eman zidan lehen gizona izan zelako". Orduan, harekin maitemintzea erabaki zuen, eta ia ezagutzen ez zuen gizonaren baitan beti desiratutako eredu ideala bilatzen saiatu zen. Baina bere senarra ez zen berak amestu zuen gizona eta amaiera tragikoa izan zuen harreman gatazkatsu baten hasiera izan zen ezkontza hura.

Argi dago ia ezinezkoa dela gure bikote, seme-alaba, aita, ama, lagunen ezaugarri guzti-guztiak gure gustukoak izatea. Azkenean, gure gustukoak ez diren ezaugarri batzuk onartzen ditugu, beste batzuk zoriontsu egiten gaituztelako. Baina horrek ez du zerikusirik pertsona bat benetan ez den pertsona bihurtzeko nahi eta asmoarekin. Jende asko ari da egunero mirari honen bila. Txarrena, askotan maite duenari egozten diola errua, bere ametsetan den bezalakoa ez izateagatik.

noticias de deia