Zirrikituetatik begira

Monarkiek sufritzen dutena

14.04.2021 | 00:55
Monarkiek sufritzen dutena

PASA den astean Jordaniako jauregi konspirazioaz hemen idatzi asteazkenerako, ostegunean The Crown telesail ospetsua ikusten hasi (berandu nabil beti ikusi edo irakurri beharrekoekin) eta ostiralean Philip Edinburgokoak, Elizabeth II.aren senarra, hil zela jakin nuen. Monarkiari monarkia, monarkiaz inguratuta egon naiz konturatu barik. The Crown telesailarekin ikasten ari naiz (azkar noa) eskertu behar diodala zeruari, edo Gernikako arbolari, errege familia batean jaio ez izana; are gehiago, uste dut guzti-guztiok eskertu beharko genukeela pobre eta langile jaio ginelako, egunero lanera joan behar dugulako, soldatagatik borrokan aritzen garelako. Ai, zelako sufrikarioak erreginarenak, erreginaren senar, seme-alaba, aitona-amona, guraso eta ilobenak, lehengusu-lehengusinek eta koinatu-koinatek ere berea dute. Zer da horren ondoan egunero goiz esnatzea lanera joateko? Bidaia nekagarriak, inaugurazio jasanezinak, lanik behar ez duten lanpostuak, besoko minak egun santu osoan agur egiten ibiltzeagatik...

Ez dira bakarrik The Crown telesailaren kontuak. Espainiako monarkian ere asko sufritzen da. Infanta bati "lapurra!" deitu diote kaletik; ea nor doan gero, irainak uzten duen gorputzaldi txar horrekin, zaldiz lasai ibiltzera. Letizia erreginak bi segundo (edo hiru!) itxaron behar izan zuen Kongresuko atearen aurrean. Aita kartzelan duen beste bat etsiturik dago (zer etsiturik, traumatizaturik) kazetariek aitonaz galdetzen diotelako. Aitona, bide batez, Abu Dhabiko klima gogorra jasaten ari da filosofo estoiko baten gisan. Bi infantari txerto txinatarra jarri zieten: emakume gajoak, auskalo zer duen txerto horrek. Zer esanik ez, Felipe VI. erregearen aurpegiak dena esaten du; aski izango ez balu, Marc Giró marikazetari katalanak "pijo sideral" deitu berri dio.

Benetan, ez gara konturatzen zein ondo bizi garen gure hipotekekin, gure larunbateko erosketekin eta gure arazotxoekin. Espainiako gobernu progresistak, gainera, erretiroa erreformatuko du laster, zahartu arren lanean segitu ahal izateko, ez errege zahar errukarri hori bezala, Abu Dhabi horretan asperturik.

Más información

noticias de deia