Hein handian, haren jokabideen erruz dira hain gutxituak, hain ahulak, hain itoak gaskoiera, bretoiera, katalana, euskara eta beste hainbat hizkuntza. Aurrekari historikoon laino itsutan, ezin mentura gaitezke Iparraldeko berezko gure bi hizkuntzen -euskararen eta gaskoieraren- etorkizuna oso argitsua eta koloretsua izango dela uste izatera.

Ametsentzat ez dago aurrez zapuztutakoen oroimena baino galga astunagorik. Eta halere, horiek guztiak egiak izanik ere, berri zinez pozgarria eta historikoa begitantzen zait. Aurrerantzean orain arte ez bezalako lege-babesa izango dute hizkuntza gutxituek funtsezko alor batean, euskarazko irakaskuntzak beste oinarri eta hedadura bat hartuko du.

Libe Goñi Garate heldu zait gogora, Seaskako lehen irakaslea; baita Jasone Salaberria Fuldain zendu berria ere, irakasle, hizkuntzalari, ikertzaile, idazle eta ekintzaile nekaezina; duela 52 urte hazi hura erein zuten sustatzaile guztiak; hura egingarri izan zedin politikoki, kulturalki eta sozialki giroa goxatu zutenak; haurrak euskaraz hezteko deliberamendua hartu zuten guraso konprometituak; eskolan katuka sartu eta, euskara zutabe, bidea zutik eta tinko egin duten haur haiek; traba guztien gainetik etorkizuna euskaraz eraikitzeko erronkari eutsi dioten herrikideak oro. Biba zuek!