Zirrikituetatik begira

Ondarroako arraunlariak

29.03.2021 | 00:15
Ondarroako arraunlariak

nire lagun batek dio aspertuta dagoela bere burua promozionatzeaz. Nire laguna autonomoa da eta emakumea. Azken hau ez nuke azpimarratu behar baina nire lagunaren kexua, azpimarratu beharko ez litzatekeen ezaugarri horri hertsiki lotuta dago. Bere lana ikusezina dela dio. Eta bistaratzeko, izugarrizko promozio lana egitea dagokiola. Batzuetan, kazetariei deitu, artikulua eta argazkiak eginda eman, bere lanaren nondik norakoak azaldu, eta noiz argitaratzea komen den esateraino.

Bere lana fruitu onak ematen ari dela gogorarazten diogunean, "ze atze lani esker?" erantzuten digu berak. Ondarroako emakumezko arraunlariak ere kexu agertu dira azken egunotan El Correo egunkariak ia-ia ikusezin egin dituelako. Aurreko asteburuan, Zorrozaurren izandako ateraldian txapeldunak izan ostean, aipatu komunikabideak argitaratutako albistean, gizonezko arraunlariek lortutako garaipena jaso da bai titular nagusian, bai argazkian eta bai gainontzeko albistean ere, ondarroatarren lorpenaren gaineko iruzkina bizpahiru lerro laburretan jasoz. Ondarroako arraunlari txapeldunak bigarren mailakotzat tratatu izanaz dira kexu, beren lorpena behar den beste ez aintzatetsi izanaz, beren lana ez baloratzeaz eta maite duten eta lantzen duten kirolari egiten dioten ekarpena balioan ez jartzeaz. Ondarroako herriak benetan du maite arrauna, ordea. Eta ezin harroago dago herriko arraun taldeaz, bere ekimenaz eta lorpenez, izan gizonezko zein emakumezkoenez. Arraun taldea bat bera da eta herritarrek kolore bat bakarra ikusten dute, eta era berean hauspotzen, traineruetan gizonezkoak edo emakumezkoak joan.

Ondarroako emakumezko arraunlariek, esan gabe doa, maite dute arrauna, arraunean ondo egiteko entrenatzen dute, herriaren koloreak defendatzeko eta ahal den neurrian, kirol guztietan eta kirolari guztiek bezala, banderak irabazteko. Ez gara aspertuko, bada, komunikabideei errealitatearen kolorea zein den erakusten. Nire lagun autonomoak diharduen bezala. Emakumearen izerdia, ahalegina eta garaipenak lehen mailako direla defendatzen.

Más información