Zirrikituetatik begira

Egunak

25.03.2021 | 00:45
Egunak

EGUN batzuk daramagun azelerazioak jaten ditu tai gabe, eta ez gara duten garrantziaz jabetzen. Diluitu egiten dira egunerokotasun krudel eta pandemikoak tragaturik.

Egunotan, Basoaren Nazioarteko Eguna, edota Zuhaitzaren Eguna, eta Uraren Nazioarteko Eguna ospatu dira. Gazteenek hartu dute elementu horien balioa aldarrikatzeko ardura.

Zuhaitz Eguna herri askotan ospatzen den ekimena da, ikastetxe askotako ikasleekin zuhaitz-landaketak antolatzen dira, landare horiek betetzen duten funtzio bitalaz ohartarazteko, bai eta naturarekiko zaintza eta sentsibilizazioa bultzatzeko ere. Ardurenean, landaketa eremu bat aukeratzen da, eta hor, espezie autoktonoak landatzen dira, gure antzinako basoen moduan. Gaur egun eukaliptoaren kontrako eztabaida piztu da berriz, eta bazen garaia!

Eusko Jaurlaritzak gure ekologia eta ingurumenaren babesa eta errespetua bultzatu beharko lituzke, eta basogintza agresibo eta inbaditzaileak errotik kendu, bertoko basoak aberatsagoak izan daitezen. Denok ezagutzen dugu eukaliptoaren edota pinuaren monolaborantza intentsiboaren inpaktua nolakoa den, inolako plangintzarik eta kontrolik egiten ez bada. Galtzaileak betikoak, gure lurrak eta bertako biodibertsitatea. Ez dago eukalipto basotik paseatzerik, dena da sastraka eta lur idorra. Baina pagadi eta hariztietan, magia.

Natura horren beste parte garrantzitsu bat ere ura da. Ura munduko gauzarik preziatuena da, eta horixe nabarmentzeko bere eguna eman diote, martxoaren 22a. Etxekoa aseguraturik badugu ere, munduan krisialdi etengabean bizi da ur hori, izan ere baliabide finitoa da, ordezkaezina. Eta ura ez da gurea, horregatik munduan egiten diren ustiapen hidrikoak gobernu guztien ardura izan beharko lirateke, askorentzat balio eta dimentsio anitzeko elementua baita, urrea bezalakoa kasu askotan.

Baina gaur egun zuhaitzak eta oihanak desagertu doaz, eta ura alferrik galdu egiten dugu, erabat kutsatuz. Egunotan ospatu ditugun fetxa horiek deskalabru hori ere gogorarazten digute.

Noizko Itxaropenaren Nazioarteko Eguna?

Más información

noticias de deia