ATZUETAN oso profesionaltasun gutxi erakusten dute zenbait hedabidek. Eskandaluaren atzetik mugitzen dituzte informazioaren hariak, esanguratsua ez den irtenaldi bat erabat garrantzitsu bilakatu arte. Interes ilunak izan ohi dira beti Espainiako hedabideetan.

Egunotan eskandalu mediatiko bilakatu da Pablo Iglesias politikariak horrelako esaldi borobil bat ahoratu duelako: "Espainian ez dago normaltasun demokratikoa". Zeruetako Jainkoa! Nola ausar daiteke horrelakoak esatera? Espainian ez dagoela benetako demokraziarik? Nola esan daitezke horiek bezalako zentzuzko maximalismoak, hain justu, Pablo Hasel kantaria kartzelaratuko duten aste berberean? Jakin badakizue Espainia dela artista gehien zigortzen dituen herria mundu osoan, Iran edota Errusiaren aurretik? Hori al da demokrazia? Justizia?

Akaso gomutan izango duzue. Hainbat politikari ezagunen erretratuen kontrako tiroak botatzen zituen neonazi militar-ohiaren kontrako epaia artxibatu egin du Espainiako Audientzia Nazionalak. Hiru letra dituen alderdi horren laguna da, baina errugabetzat hartu dute, akusatuak aisialdian eta inolako premeditaziorik gabe egindako kontua izan baitzen, barrabaskeria ttipia. Harrituta? Flipatzen? Hori al da demokrazia? Justizia?

Gomutan izango duzue. Euskal herritar batzuek ekintza sinboliko, eta era berean, kritika politiko bat burutu zuten duela hilabete batzuk, Felipe VI.a Espainiako erregearen estatua bat eta Kristobal Kolonen beste bat lurrera botaz. Bada, gazte horiek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute koroaren aurkako delitua leporatuta. Koroa? Erregea ihesean dago ekialdeko herrialde batean makina bat korrupzio kasu inputaturik, eta horren kontra ahotsa altxatzeagatik epaituko dituzte gazteak? Horiena kausa ere artxibatuko dute? Hori al da demokrazia? Justizia? Denok gara berdinak justiziaren aurrean, baina ez aplikatzen dutenen aurrean.

Demokrazia hitza berunezko geruza baten azpian omen daukate batzuek, ukitu ezinezko eta betiereko elementu mitologikoa balitz legez, baina ez dakite zer den.