ADAGO jendea bere bizitza bikoteen iraupenaren arabera neurtzen duena. Beste batzuk gertakari traumatiko baten arabera banatzen dute: aurretik, ondoren. Besteak boladaka, bizitako tokien arabera, esaterako. Hamaikak, familiaren gertakarien arabera. Urtaroen arabera bizi duenik bada, eta baita egutegiko urtearen hasiera eta bukaeraren arabera marka-tzen duenik ere. Esan daiteke gure bizitza denbora kronologikoa eta norberaren denboraren artean joan-etorrian dabilela.

Marcel Proustentzat, norberaren denborak Erlatibitatearen Legeak espazioa nola aldatzen zituen denbora zein pertsonaiak, bata, izugarri luze, besteak, erraldoi bilakatzeraino. Bernardo Atxagak, bere aldetik, denbora espazio bihurtu zuen euskararen tradizioari antzemanda Gizona bere bakardadea nobelan. Interesatzen zaizkidan nobela askotan eraldatua dago denbora kronologikoa eta pertsonaien denboraren arteko harremana, hainbatean, denboratik zintzilik daudela ematen duela.

Etzi (abenduaren 31an ari naiz hau idazten) bukatuko zaigu urtea; kronologikoki eta sinbolikoki beste denbora batean egongo garela esango digu egutegiak, baina 2020. izaten jarraituko du, izan ere, pandemiak galarazi egiten digu norberaren denbora antzematea; norberaren denbora jada ez da mugarri eta heldulekuez ereiniko denbora baizik eta aro interpreta ezina. Iraupena bilakatu zaigu denbora, ñabardurarik gabeko paisaia. Mediku hizkuntzan esateko, depresio garaia. Urtea ez da bukatuko pandemia bukatu ez delako, pandemiak norberaren denbora bizitzeko manera irauli digulako.

Gehiago edaten dugu, gehiago drogatzen gara, gehiago haserretzen gara, gehiago atera nahi dugu ez bakarrik beldurrari ihes egiteko, iraupen aro honetan norberaren denboran mugarriak behar ditugulako, iraupena denbora bihurtzeko heldulekuak. Beta, badugu; gogorik, ez. 2020. urtea ez da bukatu, hemen dirau gurekin, eta hemen iraungo du pandemia pasatu arte. Eta, hala ere, ez dago mundura begiratu besterik ez gaudela makurren erabakitzeko: zer izango da iraupen garaia eta gosearen larritasunaren artean bizitzea? Zer Morian egotea?