Zirrikituetatik begira

Grisak

10.12.2020 | 01:14
Grisak

EGUN grisak izan ditugu. Udagoienak azaro zoragarria ekarri zigun, baina ezin izan dugu inguruko baso eta naturaz behar bezala gozatu. Egun koloretsuak ziren harik eta konfinamendurako neurri mugatzaileak ezarri zituzten arte. Eta hala jarraitzen dugu, baina orain euripean, gris koloreak denak hartuta daukala. Bai, euria egin behar du, lurra ase bete egin behar da primadera loratuko bada, baina egun hauetan denbora xahutzeko abagune eskasak izan ditugu zerua urraturik bota ahalean egon baita.

Halarik ere, telebista kateetan eguneroko mezu berdintsuetatik ihes egiteko probestu dugu eguraldi makurra. Eguneroko albisteak kutsatzeen eta txerto salbatzailearen inguruan. Gaixotasun larri horren kontrako konponbide ahaltsuak esperantza zabaldu du askoren artean, eta batzuek diote immunitatea ekarriko duela normaltasun normalenera bueltatu ahal izateko berriz. Deigarria da zein arin burutu duten laborategietako ikerketa sakona eta burutsua; zenbat ikerlari murgildu diren lasterketa zoro horretan. Hilabete eskas batzuetan hor dago primizia, Covid-19aren kontrako txertoa deskubritu dute eta fabrikatzen hasi dira zenbait herritan. Makina bat urte iragan ostean, HIESA gaixotasunaren kontrakoa txertoa ikerketan dabil oraindik, eta beste txerto beharrezko batzuk prozesu berberean daude, baina hau, lehen munduko gizarteak aldarrikatzen duen hau, bertan daukagu, di-da batean, erosgai. Bere efizientziaz ere aritzen zaigu hedabideetan, ehunekoetan. Baina dena gardentasunez egiten ari da? Herrialde batzuetan txertaketa egiten hasi dira dagoeneko, han ere gardentasunez?

Txertoa da gaur egungo jainkosa, gure bizimodu arrunta berriro ekarriko diguna, baina txerto horrek ez ditu pandemiak sortu dituen desanparoa, etsipena, prekarietatea eta zaurgarritasuna ezabatuko, ez eta bidean pertsiana betiko jaitsi behar izan duten langileen mina ere. Bidean hil direnen familien dolua, bizirauteko askoren buruhausteak, langabezia ilunean aztoratzen direnak, erabateko prekarizazioan jausi direnak,€. kontu horiek guztiak ez ditu txerto batek eztituko.

Más información

noticias de deia