UNDUAK beste arnas bat hartu du. Badirudi izokin koloreko azala duen sasi-politiko horrek hanka egin beharko duela Etxe Zuritik laster edo berandu, baina bitartean, aipatu ezin daitekeen toki batetik ateratzen zaiona egingo du temati. Seguruenik ez du ezer onik kaskezurrean, eta mundua txarragotzen saiatuko da beste behin ere. Ea laster doan kanpora eta panorama politikotik desagertzen den.

Kontua da bere despotismoa nekez garbituko dutela AEBetatik. Eta egia da, behin eta berriz aipatzen den Trumpismoak bere mezua eta pisua utzi ditu, ondo barneratuta ere, amerikarren artean. Eta orain datorren Joe Biden karismarik gabeko gizon horrek ondo baino hobeto kudeatu beharko du datozen urteetan problematika hori, eta herriaren noraeza bideratu, hori ondo burutu ezean Trumpismoaren beste pizkunde garratzago bat gerta baitaiteke. Eta hori ez dugu nahi, eta ez du mundu honen arnasak merezi.

Joe Biden AEBetako presidente hautatu berriak laster bidean jarriko duen politikaren lehen lerroak zeintzuk izango diren haizatu ditu, izokin koloreko pertsona horren kontrako ideietan oinarriturik, hain zuzen ere. Eta nola ez, lehen ekin-tzak covid-19aren pandemiaren kontrako neurriak indartzeko eta finkatzeko dira, bai eta alarma klimatikoaren inguruko arazoari heltzeko estrategiak sendotzeko ere. Hain justu ere, Trumpek erabat bazterturik zituen kontuak. Donald Trumpek oso legealdi gaiztoa eraman zuen aurrera, eta ingurumena babesteko indarrean zegoen araudia erabat zokoratu zuen, eta ondorioz, Pariseko Hitzarmena ez zuen onartu.

Arlo horiek eta arrazakeriaren kontrako borroka ere izango dira presidente berriaren lehentasunak. Ez dago gaizki, baldin eta benetan ari bada. Munduko estatu potenteenetako baten jabea izango da orain, eta estatu hori kapitalismo krudelaren aita da, kutsadura eta kontrolik gabeko ustiaketak bultzatzen ditu eta horrek guztiak sekulako eragina izaten du modu global batean.

Nazio horrek ez du batere bide errazik, baina AEBak bide onean jarriz gero, munduak beste modu batean hartuko du arnasa.