Aurtengo Euskaraldiak, euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko aukera emateaz gain, komunikabideei euskara hutsean zuzentzeko ariketa bideratzen lagunduko du. Komunikabideek, euskaraz jasotzen duten berria euskaraz edo gaztelaniaz emango dute baina jaso, euskara hutsean jasoko dute. Horretarako, prentsaurrekoetara bidaliko dituzten kazetariak euskaradunak izan beharko dira eta euskaraz jasoko duten berri horri ze hizkuntza tratamendu eman erabaki beharko dute.

Zeren eta euskal idazle bat baldin bada bere liburuaz arituko dena, argi dago (orain arte egin den bezala), aurkezpen horri buruzkoak euskaraz emango direla, dagokion lekuan. Baina Corte Ingles-ak Euskaraldian zehar bezeroekin izan duen esperientziaren berri emango duenean, nola idatziko dute medioek berria? Euskaradunentzat bakarrik idazten jarraituko dute? Ez al da albiste hori guztien interesekoa?

Euskaraz diharduten herritarrek ez dute euskaraz aritzeko eskubidea bakarrik, baizik eta bere bizitza osoa inguratzen dituzten gertakizunak herritar guztiek ulertzeko moduan jakitera emateko eskubidea dute, denek uler dezaten, denek ezagut dezaten, denak herri beraren parte izan daitezen. Batzuk ez daitezen beti espaloi gainetik abiatu eta, besteak, "Kultura orrietan" baztertuta geratu.

Euskaraldiaren hurrengo ediziorako proposamen bat egingo dut: 15 egunez komunikabide guztiei euskara hutsean aritzea eskatuko nieke, euskaradunok kultura orrietan baztertuta ez gaitezen geratu eta, gainontzekoak, euskaraz bizi eta egiten den mundua ezagutu gabe.